Xubi "Israelen konplize" dela salatzeko pintaketak egin dituzte lantegi horretan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 15a, 11:19

Lantegiaren fatxadan egin dituzte pintaketak. (Palestinarekin Elkartasuna plataforma)

"Isralego Estatu terroristaren konplize" eta "Sarraskiaren konplize" idatzi dute bart Xubi Groupek Umansoro industrialdean duen egoitzaren fatxadan. Palestinarekin Elkartasuna plataformak bere gain hartu du pintaketen egiletza. Hain zuzen, 77 urte bete dira gaur Israelek Nakba deritzon hondamendia hasi zuenetik.

Nabka egunaren harira, margoketak egin dituzte bart Xubi Groupek Azkoitiko Umansoro industrialdean duen Xubi Engranajes lantegiaren fatxadan, enpresa horrek Israelekin dituen harreman komertzialak salatzeko. "Isralego Estatu terroristaren konplize" eta "Sarraskiaren konplize" idatzi dute lantegiaren hormetan, eta fatxada pintura gorriarekin zipriztindu. Palestinarekin Elkartasuna plataformak hedabide honi ohar bidez jakinarazi dionez, bere gain hartu ditu lantegi horren fatxadan egindako pintaketak.

Enpresaren inguruan, honakoa azaldu du plataformak ohar bidez: "Azkoitian kokaturiko enpresa horrek Leopard tankeak, droneak, sateliteak eta radar sistemak ekoizten ditu, besteak beste, eta 2024ko Eurosatory izeneko feria militarrean parte hartu zuen. Gainera, bere web orrian Israelekin harremanak dituela ageri da". Pintaketak egin ez arren, adierazi dute Juaristi lantegiak eta Laboral Kutxak ere "Israelekin harremanak" dituztela.

Nolanahi ere, Azkoitiko lantegian egindako pintaketak ez dira eskualdeko bakarrak; izan ere, Azpeitiko Tecnaliaren lantegian eta BBVAren egoitzan ere egin ditu plataformak. 

Plataformak Nakbaren 77. urteurrenean egin ditu pintaketak. Nakbak "hondamena” esan nahi du arabieraz, eta 750.000 palestinarren exodoa oroitzen du urtero, maiatzaren 15ean. 1947an Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Israel eta Palestinaren lurren banaketaren ondotik hasi zen ihesaldi handia. Horren harira, datorren zapatuan, maiatzak 17, Iruñean Palestina askatu. Israel desegin. Harreman oro eten lelopean egingo duten manifestaziorako deialdia zabaldu nahi izan dute.

Hona hemen Palestinarekin Elkartasuna plataformak pintaketen egiletza aitortzeko Gukari bidali dion bideoa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide