Maite Lopezen eta Julen Garateren lanak saritu dituzte Errenteriako Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 15a, 09:56

Lehiaketaren bigarren aldia da aurtengoa. (Oarsoaldeko Hitza)

36 urtetik gorako euskarazko sailean, lehen saria lortu du Lopezek, eta bigarrena, Garatek. Lopezen poema ekainean kaleratuko duten 'Lekuona Fabrika antologia Poetikoa II' liburuan argitaratuko dute. Sari banaketa eta liburuaren aurkezpena, berriz, ekainaren 18an egingo dituzte Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona Fabrikan.

Maite Lopez eta Julen Garate azkoitiarren lanak saritu dituzte Errenteriako (Gipuzkoa) Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketan. 36 urtetik gorako euskarazko sailean lortu dute bi azkoitiarrek aipamena; Lopezek idatzitako Askatasuna lanak irabazi du lehen saria, eta Garateren Erregaliz beltzak lanak, bigarrena. Gaia libreki hautatuta idatzi dituzte poemak bi azkoitiarrek.

Martxoaren 21ean, Poesiaren Nazioarteko Egunean, jarri zuen Errenteriako Udalak lehiaketa martxan. Hiru modalitatetan banatuta egin dute lehiaketa: 16 eta 35 urte bitartekoen saila, 36 urtetik gorako euskarazko saila eta gaztelaniazko saila. Azkoitiarren lanak epaitzen Eider Adeletx idazlea, poeta eta Errenteriako Herri Arte Eskolako Hitza irakasgaiko irakaslea eta Iñigo Legorburu iazko euskarazko modalitateko irabazlea aritu dira. Guztira, 44 lan aurkeztu dira hiru kategoria horietara.

Lopezen poema ekainean kaleratuko duten Lekuona Fabrika antologia Poetikoa II liburuan argitaratuko dute. Sari banaketa ekitaldia eta liburuaren aurkezpena, berriz ekainaren 18an egingo dituzte Lekuona Fabrikan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide