Ugarteigarango igerilekuetan sorosle lanak egiteko lan poltsa zabaldu du Gurutze Gorriak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 15a, 09:11

Ugarteigarango igerilekua. (Andoni Elduaien)

Sorosle lanak egin nahi dituztenek maiatzaren 23ra arteko epea izango dute izena emateko. Horretarako, Azkoitiko Gurutze Gorriarekin jarri beharko dute harremanetan. Izena eman ahal izateko, baina, hainbat baldintza eta betebehar bete beharko dituzte interesdunek.

Azkoitiko Gurutze Gorriak Ugarteigarango igerilekuetan uretako sorosle lanak egiteko lan poltsa zabaldu du. 18 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dute izena maiatzaren 23ko 20:00etara bitartean, eta lan hori egiteko interesa duten herritarrek azkoitia@cruzroja.es helbide elektronikora idatzi beharko dute. Mezu horretan zehaztu beharko dute interesdunek lana egin nahi izateko zergatia zein den, eta bide batez, curriculuma erantsi beharko dute.  

Lan poltsan izena eman nahi dutenek sarrerako proba teorikoak eta fisikoak gaindituta izan beharko dituzte. Gainera, aurretiazko beste betebehar batzuk ere izango dituzte horiek, hala nola lehen sorospenean eta larrialdietan oinarrizko heziketa izatea, Gurutze Gorriko edo goragoko erakunde bateko heziketa eginda izatea, uretako sorosle heziketako titulua eguneratua izatea, kanpoko desfibriladore erdiautomatikoa erabiltzeko titulua izatea eta euskaraz jakitea. Era berean, aintzat hartuko dituzte Gurutze Gorrian boluntario bezala lanean ibili izana edota antzerako postuetan esperientzia izatea, bereziki, Azkoitian.

Ugarteigarango erabiltzaileekiko arretaz, prebentzioaz, salbamenduaz eta sorospenaz arduratu beharko du sorosleak. Horrekin batera, instalazioen erabilera arauak errespetatu eta ezarri beharko ditu, baita igerilekuetako materialen zaintzaz arduratu ere. Lanaldian zehar, halaber, igerilekuko erabiltzaile kopurua eta klorazioaren PH datuak osasun liburuan erregistratu beharko ditu hark, eta soroslearen material propioa eta botikina kontrolatu.

Gurutze Gorriak "beharren araberako lanpostua" eskainiko die sorosle lanetan hasi nahi dutenei kontratu partzial bat eginda. Erakundeak azaldu duenez, gainera, "ordutegi jakin baten barruan" lan egin ahal izango dute horiek. Lanaldia eta ordutegia izen-emate epea itxi ondoren zehaztuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide