Nortasun digitalaren arrastoak ezagutzeko ikastaroa antolatu du KZguneak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 15a, 09:34

Pertsona bat ordenagailuekin ikastaroan. (Freepik)

Maiatzaren 23ra bitartean eman daiteke izena. Ekainaren 2tik 9ra emango dituzte ikastaroaren saioak, eta helburua da parte-hartzaileei haien nortasun digitala ulertzen eta kontrolatzen laguntzea. 

Azkoitiko KZguneak Nortasun digitala izeneko ikastaroa eskainiko du datozen asteetan KZgunearen Elkarguneko egoitzan. Gaur egungo mundu digitalean norberaren identitatea kudeatzeko gaitasunak indartzeko xedez eskainiko dute ikastaroa ekainean. Dena den, saio horietan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez; maiatzaren 23ra arte dago doako izen-ematea, honako lotura honetan.

Ekainaren 2tik 9ra bitartean egingo dute ikastaroa 16:00etatik 18:00etara, eta helburua da parte-hartzaileei haien nortasun digitala ulertzen eta kontrolatzen laguntzea. Ekainaren 2an eta 3an, Gmail programaz arituko dira; ekainaren 4an, BakQ ziurtagiriaz; ekainaren 5ean eta 6an, Osakidetzaren izapideak gauzatzen ikasiko dute; eta azkenik, ekainaren 9an, Google Calendar erabiltzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide