Bihar, zapatua, Udaberriko Musikaldiaren 33. aldiko bigarren kontzertua eskainiko dute, Santa Kutz komentuan (18:30). Protagonista nagusia Andreas Prittwitz musikari eta diziplina anitzeko artista alemaniarra izango da. Saxo, klarinete eta moko-txirula jotzailea da hura, eklektikoa, berritzailea eta polifazetikoa, eta bere estiloari nahiz bere proiektuen aniztasunari esker, jazzaren eta musika klasikoaren agertoki guztietan aritu da.
Bihar, Lookingback proiektuaren barruan, Panamericana lana oholtzaratuko du Prittwitzek. Emanaldia melodia eta tinbre barrokoen esentzietan oinarrituko da, eta hala, Ipar Amerikako jazzaren espiritua zabaltzen saiatuko dira komentuan. Inprobisazioak eta erritmo folklorikoak nahastuko ditu hark hainbat musikarirekin batera; izan ere hark hainbat musikari izango ditu bidelagun: Isabel Martin –ahotsa eta perkusioa–, Ramiro Morales –lautea eta gitarra barrokoa–, Antonio Toledo –gitarra espainiarra eta lautea–, Roberto Terron –kontrabaxua–.
Ohi bezala, doakoa izango da kontzertua, eta emanaldira joateko doako autobus zerbitzua jarriko du udalak. 18:00etan abiatuko da autobusa Julio Urkixo kaleko 7. zenbakiko geralekutik —Eroski Consum ondoan—, eta kontzertua amaitzean, herrigunera itzuliko da. Autobus zerbitzua erabiltzeko ez dago aurrez izena eman beharrik.
Hona hemen biharko kontzertuaren egitaraua:
- Hanacpachap Cussicuinin (Anonimoa)
- Jácaras (Gaspar Sanz)
- Riu Riu Chiu (Anonimo espainiarra)
- Lantururú / Canarios / Zarabanda (Gaspar Sanz)
- La Noche Tenebrosa (Juan Hidalgo)
- Folías Gallegas (Santiago De Murcia)
- Gagliarda Napolitana (Antonio Valente)
- Chacona (Francesco Corbetta)
- Trompicábalas (Juan Hidalgo)
- Un Sarao De La Chacona (Juan Arañés)
- Fandango (Antonio Soler aita)