Herriko jauregiak eta dorretxeak ezagutzeko aukera, asteburuko bisita gidatuetan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 14a, 11:46

Hainbat bisitari, bisita gidatu batean. (Udala)

Herriko dorretxeak eta jauregiak ezagutzeko bisita eskainiko dituzte Urola Turismokoek zapatuan eta igandean. Bi ordu eskaseko ibilbidea egingo dute herrigunean zehar bi egunetan, 12:00etan hasita. Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez. 

Urola Turismoaren bisita gidatuen denboraldi berria asteburu honetan bertan hasiko da Azkoitian. Azkoitia: jauregi eta dorretxeen artean izeneko bisita gidatuak eskainiko dituzte zapatuan eta igandean, bi egunetan 12:00etan Azkoitiko parrokia aurretik abiatuta. Dena den, zapatuko bisita euskaraz eskainiko dute, eta igandekoa, gaztelaniaz.

Bi ordu inguruz, ibilbide laburra egiteko aukera izango dute bisitariek herrigunean zehar. Azkoitia dorretxe eta jauregi asko dituen herria da, eta asteburuko bisitetan eraikin bakoitzak dituen historiak eta istorioak kontatuko dituzte.

Bisita gidatuan parte hartzeko, baina, izena eman beharko da aurrez. Horretarako, Urola Turismoak hainbat bide zabaldu ditu; 688 75 94 29 telefono zenbakira whatsapp mezua bidalita, 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta edota i-loiola@urolaturismoa.eus helbide elektronikora idatzita eman ahalko da izena. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide