Munoaundiko herri harresituan egingo dituzten indusketetan parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute

Andoni Elduaien 2025ko mai. 13a, 12:32

Aranzadiko kideak Munoaundin indusketak egiten. (Guka)

Uztailaren 7tik 26ra bitartean egingo dituzte indusketak Aranzadi zientzia elkartekoek Munoaundiko herri harresituan. Hango indusketetan parte hartzeko, laguntzeko edota ikasteko interesa duten pertsonek ekainaren 1era arteko epea dute izena emateko.

Aranazadi zientzia elkarteak udan garatuko dituen ikerketa arkeologikoen berri eman du. Besteak beste, Euskal Herri luze-zabaleko kobak, dolmenak, herrixkak, termak, gazteluak eta ermitak arakatzen ariko dira datozen hilabeteetan, tartean, baita Azkoiti-Azpeitiko Munoaundiko herri harresituan ere.

Antxoka Martinezek zuzenduta, uztailaren 7tik 26ra bitartean egingo dituzte indusketa arkeologikoak Munoaundin. Aurtengo ekinaldian indusketa eremu desberdinetan lan egitea aurreikusi dute, hala nola etxebizitzak eta harresia aztertzen ariko dira. Dena den, katak ere egingo dituzte gune berri batean, baita hilerria bilatzeko saiakera ere.

Zientzia elkarteak azaldu du ikerketa horiek zuzendarien, ikasleen eta bertan inplikatutako pertsona guztien "boluntariotza-lanari esker" egin ohi direla, baita udalen eta aztarnategian dauden udalerrietako herritarrekin lankidetzan ere. Hori hala, formulario bat zabaldu du aurtengo kanpainako indusketetan parte hartzeko, laguntzeko edota ikasteko interesa duten pertsonei zuzenduta.

Ekainaren 1era bitartean eman ahal izango dute herritarrek honako lotura honetan. Besteak beste, izen-abizenak, jaiotza-urtea, NA, helbidea, herria, helbide elektronikoa, ikasketa maila eta zein indusketatan parte hartu nahi duen zehaztu beharko dituzte herritarrek galdetegia betetzerakoan. Nolanahi ere, Aranzadik adierazi du plaza gutxi batzuk besterik ez daudela; izan ere, hogei laguneko lantaldea osatuko du Martinezek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide