Nize, Api Uiz eta Gordas Pinponeras taldeen emanaldiekin agurtuko dituzte Udaberriko Bebarruko Jardunek

Andoni Elduaien 2025ko mai. 15a, 09:00

Nize musika taldeko kideak. (Argazkia: Maria Muriedas)

22:00etan hasiko dira musika taldeen emanaldiak. Sarrerak Matadeirako sarreran jarriko dituzte salgai, 8 euroren truke. Hiru musika talde horien kontzertuekin agurtuko dituzte aurtengo Udaberriko Bebarruko Jardunek.

Bihar, ostirala, aurtengo Udaberriko Bebarruko Jardunetako azken hitzordua izango dute Matadeixen. Martxoaren amaieratik maiatzaren erdira bitartean, askotariko kontzertuak, tailerrak, mahai inguruak, aurkezpenak eta ikuskizunak egin dituzte Matadeixen, eta biharko emanaldiekin itxiko dute udaberrirako ondutako programa. Hain justu, bihar, Nize, Api Uiz eta Gordas Pinponeras taldeen emanaldiak izango dira Matadeixen, 22:00etan hasita.

Nize banda Arte Ederren Fakultateko sormen zalapartan sortu zuten. Intza Arakistain bateria jotzaile azkoitiarra parte den taldeak lan heldua aurkeztuko du Matadeixen, batzuetan trinko samarra, baina noise pop bihurtuko den no wave delakoaren maitaleen gozamenerako soinuak eskainiko dituzte. Distortsio-akoplatzeak eta delay feedback-ak dira bandaren osagai erakargarrienetako bat; izan ere, gitarrak originaltasunez eta ondo landuta dituzte.

Api Uiz taldea, berriz, underground eszenako Bordeleko talde kultua da, eta hamarkadak daramatza jotzen gelditu gabe. Hain justu, 400 kontzertu baino gehiago eskaini dituzte, Europan eta Estatu Batuetan. Besteak beste, tabernetan, klubetan, eta elkarteetan aritu da taldea, baina zenbait jaialdi handitan ere parte hartu izan dute. 

Bi musika talde horien ondoren igoko dira oholtzara Gordas Pinponeras taldekoak. Makinekin eta musikarekin saltsan dabiltzan lagunek tekno eta "makarreo" musika eskainiko dute. Kontzertuak ikusteko sarrerak zortzi euro balio du, eta Matadeirako sarreran bertan eskuratu ahal izango dira. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide