Ostiralean amaituko da Bi Minutu literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea

Andoni Elduaien 2025ko mai. 13a, 09:51

Bi minutu lehiaketako iazko saridunak, aurtengo Geure Gelatik azokan. (Guka)

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak emakumeei zuzendutako literatur lehiaketara lanak ostiralerako bidali beharko dira elkartearen helbide elektronikora. Lehiaketak bi minutuan irakur daitezkeen idazlanak ditu oinarri.

Ostiralean, hilak 16, amaituko da Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Bi Minutu literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea. Bigarren urtez antolatu du herriko euskara elkarteak lehiaketa, eta, iaz bezala, 16 urtetik gorako emakumeek parte hartu ahal izango dute. Lehiaketaren izenak dioen bezala, bi minutu azpitik irakur daitezkeen lanak idatzi beharko dituzte partaideek. Hain zuzen, lan horiek maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora bidali beharko dira ostiralerako.

Sari banaketa ekitaldia ekainaren 6an, ostiralez, egingo dute. Irabazleak 500 euro jasoko ditu, bigarren sailkatzen denak 250 euro, eta hirugarrenak, 150 euro. Dena den, epaimahaiak beste zazpi aipamen berezi egiteko aukera ere izango du, betiere kalitatezko testuak lehenetsiz gero. Aipamen berezia jasotako testuen egileek bina bonu jasoko dituzte, datorren urteko Geure Gelatik liburu azokan gastatzeko. Era berean, saridun guztiek emakume idazleen azokan beraien lanak irakurtzeko aukera izango dute. Epaimahaia Maite Lopezek, Jasone Osorok eta Garbiñe Ubedak osatuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide