Oteizak hasi du 53. Azkoitiko Txikito Pilota Txapelketa

Ane Olaizola

Pilota elkarteak atzo hasi zuen txapelketa, benjaminak B taldekoen partidekin. Guztira, 78 pilotari lehiatuko dira ekainera bitartean.

Oteiza pilota elkarteak atzo eman zion hasiera 53. Azkoitiko Txikito Pilota Txapelketari Gurea pilotalekuan. Aurten, 78 pilotarik parte hartuko dute txapelketan, eta ondorengo sei mailatan jokatuko da: aurrebenjaminak, benjaminak B, benjaminak A, alebinak B, alebinak A eta infantilak. Astez aste jokatuko dituzte partidak pilotariek, eta finalera sailkatzen direnek ekainean izango dituzte azken norgehiagokak.

Atzo, benjaminak B mailakoen partidekin hasi zen txapelketa, eta binakako lau partida ikusteko aukera izan zuten frontoian elkartu zirenek. Honako hauen partidak izan ziren atzo: Julen Barrena-Eki Oria bikotea Aner Korta-Eneko Azkoitiaren aurka aritu ziren; Beñat Moreno eta XabierZabaleta, berriz, Julen Uriarte eta Nahia Astigarragaren aurka; Markel Martin-Xanet Uranga bikotea, berriz, Dei Otaño eta Aner Gonzalezen aurka aritu zen; eta Jakes Juaristi eta Jon Arozena, Amets Etxaniz eta Oihan Leteren kontra.

Gaur ere jokatuko dituzte txapelketako norgehiagokak, eta infantilen txanda izango da 17:00etan. Bihar, berriz, benjaminak A eta alebinak A taldeak hasiko dira lehian, 17:15ean.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide