Palestinako herriari elkartasuna adieraziko diote osteguneko Isilune Zirkuluan

Andoni Elduaien 2025ko mai. 13a, 09:29

Iazko azaroan egindako elkarretaratzeko irudi bat. (Utzitakoa)

20:00etan egingo dute Isilune Zirkuluak deitutako elkarretaratzea herriko plazan. Nakba egunarekin bat egingo dute kontzentrazioa; dolu nazionaleko eguna izan ohi da maiatzaren 15a palestinarrentzat, Israelgo Estatua jaiotzearen ondorioz palestinar asko beren etxeetatik kanporatu edo ihes joan izana gogoratzen baitute egun horretan.

Azkoitiko Isilune Zirkuluak maiatzeko elkarretaratzea egingo du etzi, osteguna, herriko plazan. Ohi bezala, 20:00etan elkartuko dira udaletxean. Oraingo honetan, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko egingo dute bilkura. Hain justu, Nakba eguna izango dute gogoan, eta genozidioa gelditzeko eskatuko dute. Hain justu, ostegunean ospatuko dute palestinarrek Nakba eguna. Dolu nazionaleko eguna da palestinarren artean, orduan gogoratzen baitute 1948an Israelgo Estatua jaiotzearen ondorioz palestinar asko beren etxeetatik kanporatu edo ihes joan izana.

Giza eskubideen urraketak salatzeko egitasmoa da Azkoitiko Isilune Zirkulua, "gizatasuna" plazaratzea oinarri duena. Taldeak hileko hirugarren ostegunetan egin ohi ditu elkarretaratzeak herriko plazan, urraketa horiek "maila eta arlo guztietan" salatzeko. Azkoitiko talde desberdinek parte hartzen dute elkarretaratzeetan, hala nola Marea Urdinak, Palestinaren aldeko taldeak, Sahararen aldeko taldeak, Loiolako migratzaileen taldeak eta Azkoitiko parrokiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide