Denboraldiaren amaiera gertu dute futbol taldeek, eta sasoiaren hondarrean direla, asteburu gozoa izan dute Anaitasunaren talde nagusiek. Izan ere, ligako partida bana jokatu zuten atzo gizonen zein emakumeen lehen taldeek, eta batak zein besteak garaipena izan zuten emaitzatzat.
Emakumeek etxean hartu zuten Bizkeneskak taldeak Euskal Ligako 33. jardunaldia jokatzeko, eta gorritxoen gol festa nagusitu zen Txerloian. Partida hasi orduko, markagailuan aurretik jarri ziren etxekoak Juneren golari esker, erdilariak area barruko nahasmen momentu bat baliatu baitzuen baloia sarera bidaltzeko. Minutu gutxira, berriz, Arrik bigarren gola eman zion taldeari, eta bi minutu besterik ez zituen behar izan hark bigarren gola sartzeko. Urruneko falta batetik, berriz, Enarak zuzenean sarera bidali zuen baloia 26. minutuan, eta horrenbestez, markagailua 4-0 zela joan ziren bi taldeak atsedenaldira. Handik bueltan, berriz, Bizkeneskak bi gol sartu zituen ia jarraian, baina 76. minutuan Uritzek bosgarren gola eman zion Anaitasunari, eta beste hiru puntu poltsikoratuz amaitu zuten etxekoek norgehiagoka.
Denboraldiko etxeko azken neurketan hiru puntu gehiago batuta, beraz, sailkapeneko 12. postuan kokatu da Anaitasuna, eta hurrengo partida 9. postuan den Hernaniren kontra jokatuko du.
Ohorezko Erregionalen Mailako taldeak, berriz, Mutrikuren aurka jokatu zuen ligako partida atzo arratsaldean, arerioaren futbol zelaian. Gol bakarreko partida izan zen haiena, eta hura Anaitasunarena izan zen; norgehiagokaren 15. minutuan Olaizolak sartu zuena, hain justu. Haren gola nahikoa izan zen, ordea, Anaitasunak Mutriku garaitu eta beste hiru puntu eskuratzeko. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko zortzigarren postuan da Azkoitiko taldea, eta hurrengo nogehiagoka etxean jokatuko du, hiru postu atzerago dagoen Arrasateren aurka.