Bihar itxiko da Azkoitiko duatloi herrikoian parte hartzeko izen-ematea

Ane Olaizola 2025ko mai. 11a, 15:42

Hilaren 17ko duatloi herrikoian parte hartu nahi duenak bihar gauerdia baino lehen eman beharko du izena; aurten, bakarka ez ezik, lasterketa binaka eta erreleboka egiteko aukera ere izango da.

Hurrengo larunbatean, hilaren 17an, jokatuko dute duatloi herrikoia Azkoitian, Azkoitri triatloi taldeak antolatuta, eta han parte hartu nahi duenak bihar gauerdia baino lehen eman beharko du izena rockthesport.com eta www.triatloi.org atarietan, 15eurotan. Aurten, binaka eta erreleboka ere parte hartzeko aukera izango dute kirolariek, eta bikoteek 30 euro ordaindu beharko dute; erreleboka egin nahi dutenek, berriz, 20 euro. Azken modu horretan, kirolari batek korrikako bi zatiak egin beharko ditu, eta beste kirolariak, aldiz, bizikleta gainekoari dagokiona.

12 urtetik gorakoek parte har dezakete duatloi herrikoian, eta irteera mailakatua izango du probak: 12 eta 14 urte bitartekoen irteera 16:00etan izango da; 16:10ean, duatloi egokitua hasiko da, eta bi minutu beranduago, duatloi orokorrari emango diote hasiera. Aurreko urteetan ez bezala, Trenbidearen Zumardian izango dira aurten irteera eta helmuga. Parte hartzea sustatzeko asmoz, gainera, bizikleta gaineko ibilbidea guztiz laua izango da.

Distantzia ere apur bat moztu du triatloi taldeak: kirolariek bi kilometro egingo dituzte korrika, zortzi kilometro eta erdi bizikletan eta beste kilometro bat korrika. Horiek guztiek 14:30etik 15:45era artean jaso ahal izango dituzte dortsalak, eta boxeak 14:30etik 15:55era artean zabalduko dituzte. Arropen zaindegia eta dutxa zerbitzua ere izango dira 18:00ak artean, eta ordu horretan izango da sari banaketa.

Sariei dagokienez, hain zuzen, helmugara iristen diren lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoek sari bana jasoko dute —triatloian federatutakoek ez dute parte hartuko sailkapenetan—, baita kategoria bakoitzeko lehen sailkatuek ere. Binakako eta errelebokako sailkapenetan, berriz, aurreneko bikote mistoak, emakumeek osatutako bikoteak eta gizonek osatutako bikoteak sarituko dituzte. 

Arratsaldean ez ezik, goizean ere jokatuko dute duatloi proba herrian, baina orduan umeen txanda izango da: 10:00etan, LH3koen txanda izango da [500 -2.000 -100 metro]; 10:30ean, LH4koena [500-2.000-100 metro]; 11:30ean, LH5ekoena [500-3.000-200 metro]; eta 12:00etan, azkenik, LH6koena [500 - 3.000 - 200 metro].

Lasterketen inguruko informazio gehiago, berriz, azkoitikoduatloia.eus atarian lor daiteke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide