Euskadiko Orkestrak mila haurrekin batera sortu duen abesbatzan parte hartuko dute Xabier Munibeko ikasleek

Maddi Txintxurreta

Xabier Munibe ikastola.

Azkoitiko Ikastola Xabier Munibe ikastetxeko LH 5. eta 6. mailako ikasleek Euskadiko Orkestrak sortutako Logelan logale emanaldian parte hartuko dute. Datorren astean estreinatuko dute, astearte eta asteazkenean Donostian, eta ostegunean Gasteizen.

Mila haur baino gehiagok osatutako abesbatza batekin Logelan logale ikuskizuna sortu du Euskadiko Orkestrak, eta bertan parte hartzen dute Xabier Munibe ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek.

Urtebeteko lanketaren ostean, Euskadiko Orkestrak bere lehenengo haur kantata estreinatuko du: Logelan logale. Asteartean eta asteazkenean Donostiako Kursaalean emango dute, 12:00etan, eta ostegunean, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan, ordu berean. Gipuzkoa eta Arabako 22 ikastetxetako mila ikasle baino gehiagok parte hartuko dute kontzertuetan, eta Jagoba Astiazaran Zestoako musikariak sortu du jatorrizko musika.

Juanjo Ocon Donostiako orkestra zuzendariak gidatuko ditu emanaldiak eta Kepa Errasti abeslari eta aktorea izango da kantatako protagonista: hark gorpuztuko duen pertsonaiak lorik egin ezin duen gau fantasiatsu batean oinarrituko da kontakizuna.

Euskadiko Orkestrak prentsara igorritako ohar batean azaldu duenez, batetik, lau abesbatza pilotu izango dira eszenatokian (Easo Gazte, Andoaingo Udal Musika Eskolako Abesbatza, Hernaniko Udal Musika Eskolako Abesbatza eta Pasaia Txiki Abesbatza) eta, bestetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 22 ikastetxeetako ikasleak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide