Josu Eskisabelek Euskal Pilota Egokituko XV. Gipuzkoako Txapelketako finala jokatuko du bihar

Andoni Elduaien 2025ko mai. 9a, 09:00

Eskisabel, goian, eskuinetik hirugarrena. (GEPF)

Adimen urritasuna duten kirolarien arteko teniseko paletako finala jokatuko dute Oiartzunen (Gipuzkoa). Hodei Asteasurekin arituko da azkoitiarra, eta Sheila Cuetok eta Josu Arratibelek osatutako bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Gipuzkoako Euskal Pilota Egokituko Eguna ospatuko dute bihar, zapatua, Oiartzunen (Gipuzkoa). Egun guztiko festa egingo dute han, eta, 16:00etan hasita, Euskal Pilota Egokituko XV. Gipuzkoako Txapelketako binakako finalak jokatuko dituzte Madalensoro pilotalekuan. Hain justu, azkoitiar batek teniseko paleta txapelketaren finala jokatuko du han: Josu Eskisabel palistak. 

Adimen urritasuna duten kirolarien arteko lehian ariko da azkoitiarra, eta Hodei Asteasu izango du hark txapela irabazteko bidelagun; bi lagunek Sheila Cueto eta Josu Arratibel izango dituzte aurkari. Aurten, txapelketa bi kategoriatan banatuta jokatu dute: adimen urritasuna dutenen teniseko paleta txapelketa eta gurpildun aulkiko gomazko paletako txapelketa. Guztira, 34 pilotari lehiatu dira, iaz baino bost gehiago. Lau emakumek parte hartu dute jardunaldietan, eta horietatik bi sailkatu dira finalera.

Nolanahi ere, bihar hiru final jokatuko dituzte Oiartzungo Madalensoron, azkoitiarrak parte hartuko duen finalaz gain, gurpildun aulkikoena eta adimen urritasuna dutenen teniseko paletako beste bat ere jokatuko dituzte-eta Oiartzunen. Urola Kostako beste zenbait ordezkari ere finalean izango dira, gainera: batetik, Leire Troitiño zarauztarrak gurpildun aulkiko finala jokatuko du, eta bestetik, teniseko paletako bigarren finalean ariko da Luis Zulaika zumaiarra.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren (GEPF) mendeurreneko ekitaldien barruan antolatu dute biharko eguna, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin (GKEF) elkarlanean. Finalez gain, pala topaketa (10:30), partida erakustaldia (12:00), Barrenea (13:00) eta bazkaria (13:30) ere egingo dituzte Oiartzunen.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide