Ostegunean itxiko da IV. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea

Andoni Elduaien 2025ko mai. 12a, 08:41

Pertsona bat bertsotan. (Freepik)

Lanak udaletxean edo telematikoki aurkez daitezke ostegunera bitartean. Hiru kategoriatan parte hartu ahalko dute herritarrek: umeenean, gazteenean eta helduenean. Ekainaren 26an, ostegunez, egingo dute sari banaketa ekitaldia Elkargunean.

Datorren ostegunean, hilak 15, amaituko da IV. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketara lanak aurkezteko epea. Lanak udaletxean edota telematikoki udalaren webgunean aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek; lehiaketarako oinarriak ere erakundearen webgunean kontsulta daitezke.

Hike eizan! taldeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak udalarekin elkarlanean antolatu dute aurtengo egitasmoa. Hiru kategoriatan parte hartu ahal izango dute herritarrek lehiaketan: umeen mailan –14 urtera bitartekoek–, gazteen kategorian –15 eta 18 urte bitartekoek–, edota helduen kategorian. Umeen kasuan, bi bertso eta lau kopla aurkeztu beharko dira parte hartzeko; gazteek, sei bertso idatzi beharko dituzte, eta azkenik, zortzi bertso helduek. 

Bertsoak idazteko, berriz, partaideek libre izango dituzte gaia, neurria eta doinua. Hori bai, bertso-sorta guztiek hitanoan idatzita egon beharko dute, eta era berean, epaimahaiak kontuan hartuko du bertsoak nokan idatzita aurkeztea. Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatuko dute aurtengo lehiaketako epaimahaia.

Ekitaldia, ekainaren 26an

Udalak ekainaren 2an jakinaraziko du lehiaketako irabazleak zeintzuk diren, baina, lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ekainaren 26an, ostegunez, egingo dute, V. Hike eizan! bertso saioaren barruan.

Umeen mailako irabazleak 125 euro jasoko ditu, eta gazteen mailako garaileak, 250 euro. Helduen mailan, ordea, bi sari banatuko dituzte: irabazleak 500 euro jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak, 250 euro. Horrez gain, Azkoitia sariak ere banatuko dituzte hiru kategoriatan. 75 euro jasoko ditu umeen kategoriako sari horren irabazleak, 150 euro gazteen mailakoak eta 300 euro helduen mailakoak. 

Informazio gehiago nahi duenak edota zalantzaren bat argitzeko beharra duenak euskara@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-54 20 02 telefono zenbakira deitu dezake.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide