Andremarietan egiten duten film laburren lehiaketaren antolatzaile den udalak eta egitasmoaren aurreko urteetako parte hartzaileek zehaztu dute datorren ediziora aurkezten diren lanek landu beharreko gaia: Eta gertatuko balitz, zer? izango da, hain zuzen, datozen jaietan egingo duten lehiaketaren gaia, eta horrenbestez, parte hartzaileek galdera horri tiraka landu beharko dute ikus-entzunezkoa.
Udalak eta parte hartzaileek bilera egin zuten herenegun, eta han zehaztu zuten lehiaketaren gaia. Udalaren arabera, sormenari ahalik eta oztopo gutxien jartzeko asmoz, gaia ahalik eta irekiena jartzeko erabakia hartu zuten orduan.
Udalaren esanetan, egitasmoari eusteko gutxienez lau film labur aurkeztu beharko dira lehiaketara, eta horretarako, izen-emate epea ere ireki du. Parte hartu nahi duenak ekainaren 9ra artean izango du izena emateko aukera udaleko Kultura sailean, kultu@azkoitia.eus helbidera elektronikora mezua idatzita edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta. Era berean, lanak aurkezteko azken eguna abuztuaren 11a izango da.
Udalaren laguntza
Erakundeak azaldu duenez, egitasmo "oso polita" da azken urteetan andremarietan egiten dutena, eta lehiaketak merezi du mantentzea, baina horretarako, ezinbestekotzat jo du hark herritarren parte hartzea. Hori hala, udalak aurten laguntza eta baliabideak eskainiko dizkie filma aurkeztu nahi dutenei, "lana errazteko" asmoz: "Borondateaz gain, film labur bat ekoizteak ezagutza eskatzen du, eta aurreko urteetan ez bezala, udalak ezagutza horretan laguntzeko bideak jarriko ditu, batetik, zalantzak argitzeko (edizio softwareak, beharrezko baliabideak) eta bestetik, baliabide teknikoak lortzen laguntzeko".
Hain zuzen, parte hartzea sustatzeko asmoz, pare bat eguneko ikastaro bat antolatzeko aukera legokeela azaldu du udalak, beti ere horretarako interesa duen gutxieneko kopurua osatuz gero. Ikastaroaren saio bat grabaketari buruzkoa izango litzateke, eta bestea, edizio prozesuari buruzkoa.