Dantzari txikiek kalejirak eta dantza ikuskizunak eskainiko dituzte igandean

Andoni Elduaien 2025ko mai. 9a, 08:55

Hainbat neskato, iazko kalejiran. (Iraia Oteiza)

Dantzarien Udaberri Kalejira ospatuko dute igandean, eta Julio Urkixo etorbidean elkartuta, kalejira eta dantza saioak uztartuko dituzte Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzariek eta Txalkor txistulari taldeko musikariek. Eguraldi txarra eginez gero, Elkargunean ospatuko dute egitasmoa.

Igandean, dantzari txikiek hartuko dituzte herriko kaleak. Dantzarien Udaberri Kalejira dela eta, ia ehun lagun aterako dira kalera. Garai bateko Dantzari Txiki Egunak zuen kutsuari eutsiz, euskal dantzak zein doinuak ikusi eta entzun ahal izango dira herrian eguerditik bazkalordura bitartean. Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak udalarekin elkarlanean antolatu dute beste urte batez egitasmoa. Hori hala, dantzariez gain, trikitilariak, pandero jotzaileak eta txistulariak ere ibiliko dira kalerik kale.

Julio Urkixo etorbidean elkartuko dira dantzariak eta musikariak 11:30ean, eta handik Balda plazara kalejiran joango dira guztiak ordu laurden beranduago. Izan ere, plaza horretan eguneko aurreneko dantza saioa eskainiko dute guztiek eguerdian. Guztira, ordu erdi eskaseko emanaldia eskainiko dute dantzariek eta musikariek han, 12:30ean herriko plazara abiatuko dira-eta kalejiran.

Hain justu, udaletxe aurreko plazan bilduko dira 12:45erako denak; bigarren dantza saioa orduan hasita eskainiko dute han. Nolanahi ere, Balda plazako saioa baino laburragoa izango da herriko plazakoa, 12:50ean eliz atarira zuzenduko dira eta berriro kalejiran. 13:10ean, azkenik, eliz atarian eskainiko dute eguneko hirugarren eta azken dantzaldia. Eguraldi txarra egingo balu, Berdura Plazan egingo dute saioa.

Egitaraua:

  • 11:30. Dantzarien eta musikarien bilkura, Julio Urkixo etorbidean.
  • 11:45. Kalejira Balda plazara.
  • 12:00. Dantza saioa, Balda plazan.
  • 12:30. Kalejira herriko plazara.
  • 12:45. Dantza saioa, herriko plazan.
  • 12:50. Kalejira eliza atarira.
  • 13:10. Dantza saioa, eliza atarian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide