Elkarlanerako borondatea erakutsi dute Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak eta erakundeek

Andoni Elduaien 2025ko mai. 7a, 16:10

Elkarteko eta instituzioetako ordezkariak atzo, bileran. (Azpeitiko Udala)

Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteko eta euskal instituzioetako ordezkariek parte hartu zuten atzo egindako bileran, tartean Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, hura baita elkartearen lehendakariordea. Atzoko bileran elkartea aurkeztu zuten, baita datozen urteetarako dituzten asmoak eta helburuak helarazi azaldu ere.

Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkartea urtarrilean sortu zuten, Montserrateko monasterioan (Katalunia) ekitaldia eginda. Udalerri elkarte hori hasia da bere bidea egiten, eta atzo, asteartea, elkartearen zuzendaritza batzordeko kideak euskal erakundeen ordezkaritza batekin bildu ziren, elkartea bera aurkezteko eta elkarlanerako bideak uztartzen hasteko. Era berean, elkartea sortzearen arrazoiak, antolaketa eredua eta datozen hiru urtetarako dituzten asmoak eta helburuak aurkeztu zizkieten elkarteko kideek euskal erakundeetako ordezkariei.

Hain justu, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea da elkarte horretako lehendakariordea, eta hark bileran parte hartu zuen, elkartearentzat lanketa teknikoa egiten ari den Iraurgi Berritzeneko Jesus Mujika turismo arloko koordinatzailearekin batera. Manresako alkateordea den Joan Vila elkarteko lehendakariak, Raul Garcia Laguardiako (Araba) alkateak eta Jon Luqui Urretxuko (Gipuzkoa) alkateak ere parte hartu zuten atzoko bileran.

Euskal erakundeetako ordezkarien artean, bileran parte hartu zuten Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Kontsumo eta Merkataritza sailburuak, Daniel Solana Basquetour-eko zuzendariak, Cristina Gonzalez Arabako Foru Aldundiko Turismoko foru diputatuak, Felipe Gutierrez Arabako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak eta Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak.

Euskal erakundeek "harrera ona" egin zieten elkarteko kideei, eta "elkarlan sendo bat hasteko borondatea" jarri zuten mahai gainean. Datorren urteko urtarrilean egingo duten Fitur azokan izango du elkarteak hurrengo hitzordu nagusia; izan ere, azoka horren turismo sektorean egingo dute Inaziotar Bideko Udalerrien Elkartearen jendaurreko aurkezpena.

Elkartearen helburua da Ignaziotar Bidea turistikoki koordinatzea eta sustatzea, kalitatezko eta erreferentziazko turismo-helmuga gisa sendotzeko. Aurten, erakundearen egitura indartzea du helburu elkarteak, ibilbidearen parte diren 90 herri eta hiri inguru elkartzeko asmoz. Gaur egun, Ignaziotar Bideko Udalerrien Elkarteak 70 udalerri ditu atxikita, eta honako hauek dira atxikitako euskal udalerriak: Azkoitia, Azpeitia, Legazpi, Urretxu etaZumarraga (Gipuzkoa) eta Asparrena, Kanpezu, Bilar, Kripan, Guardia, Lapuebla de Labarca, Zalduondo (Araba).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide