'Nire samurai txikia' dokumentala eskainiko dute astelehenean Elkargunean

Ane Olaizola 2025ko mai. 9a, 09:45

Ekai Lersundi, 'Nire samurai txikia' dokumentalean. (Izar films)

2018an bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi transexualaren bizitza du oinarri dokumentalak, eta emanaldiaren ondoren, Naizen elkarteak solasaldia eskainiko du.

Nire samurai txikia dokumentala emango du Berdintasun Sailak datorren astelehenean Elkargunean (18:00), eta ondoren, Naizen adingabe transexualen familien elkarteak solasaldia eskainiko du.

Arantxa Ibarrak zuzendutako ikus-entzunezkoak Ekai Lersundi gazte transexualaren bizitza du oinarri. 2018an, hormona tratamendua lortzeko borrokan, bere buruaz beste egin zuen hark, eta haren guraso Elaxar Lersundi eta Ana Martinezen testigantzekin osatu du Ibarrak hogei minutu inguruko dokumentala. Naizen elkarteko zein gaztearen jaioterri Ondarroako hainbat bizilagunen hitzak ere jaso ditu hark.

Udalaren esanetan, dokumentalaren helburu nagusia da egoera berean dauden haur eta gazteei laguntzea, ez dadin errepikatu Lersundik jasan zuena eta inork ez ditzan zalantzan jarri "errealitate ez-bitarrak". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide