Azkoitiko Udaleko Gazteria Sailak prest du, beste urte batez, Udaz Blai egitasmoa, eta horren barruan gauzatuko dituen Praka Motxakin eta Artxabentura udaleku irekietan zein Trebatzen saioetan izena emateko aukera izango dute herritarrek ostiraletik aurrera. Egun horretan zabalduko dute izen-ematea, hilaren 18an itxiko dute.
Ekainaren 23tik uztailaren 24ra bitartean egingo dituzte Praka Motxakin udalekuetako ekintzak, eta Artxabentura, berriz, ekainaren 23tik 27ra egingo dute. Ohi bezala, HH3. eta LH6. mailen arteko ikasleentzat izango da Praka Motxakin, eta aurten ere hirun txanda egingo dituzte: lehen txanda ekainaren 23tik uztailaren 4ra artean gauzatuko dute; bigarrena, uztailaren 7tik 18ra artean; eta UZT+ deiturikoa izango da hirugarrena, uztailaren 21etik 24ra artean gauzatuko dutena. Antolatzaileek bilera egingo dute udaleku horietan parte hartuko duten umeen gurasoekin, ekainaren 11n Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan hasita.
Bestalde, Artxabentura udalekuetan DBH1etik DBH4ra arteko ikasleek eman ahalko dute izena, eta horiek astebeteko txanda bakarra izango dute —ekainaren 23tik 27ra bitartean—. Artxabenturan izena emandako nerabeen gurasoekin ere beste bilera bat egingo du Gazteria Sailak ekainaren 12an, 19:00etan, Elkargunean dagoen Artxamendi topalekuan.
Trebatzen egitasmoaren barruan, berriz, bederatzi tailer eskainiko dituzte, ekainean eta uztailean zehar, eta leku mugatua izango dute saioek. Besteak beste, kodeka-robotika, brikolajea, sormena eta sukaldaritza landu ahal izango dituzte LH1 eta DBH2 maila bitarteko ikasleek, 10:00etatik 13:00etara artean egingo dituzten saioetan. Ordea, tailerrak adinka banatuta egongo dira, eta bakoitzak bere egutegia izango du.
Antolatzaileek azpimarratu dute epez kanpoko inskripziorik ez dutela onartuko. Elkargunean dagoen Gazte Zerbitzu Bulegoan eman beharko da izena, 16:30etik 20:00etara arteko ordutegian edo www.gazteriazkoitia.eus webgunean, aurrez ordainketa eginda. Praka Motxakin udalekuetarako izen-ematea bakarka egin beharko da.
Udaz Blairen barruan egingo dituzten udalekuen eta ekintzen inguruko informazio guztia hemen irakur daiteke.