Errigoraren Eskutik Eskura kanpainako produktuak egunotan iritsiko dira Azkoitira. Oraingoan, Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak jasoko dituzte oraingoan eskaera egin duten herritarrek. Hain justu, etzi, osteguna, egingo dute produktuen banaketa Azkoitian. Berdura Plazako lokalean egongo dira arduradunak, goizez, 11:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:00etara.
Udaberrian Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina egin ohi du Errigorak, eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko. Gainera, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan eskuratu ohi dituzte produktuak erosleek. Olioa bost litroko bidoietan banatuko dute eta kontserbak hamabi ontziko sortetan.
Hain justu, Errigorak inoizko produktu gehien banatuko ditu aurtengo Eskutik Eskura kanpainan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egin du gora eskariak, osotara 145.500 litro olio eta 30.700 kontserba-sorta baino gehiago eskatu baitituzte euskal herritarrek egindako 10.700 eskaeretan. Iazko kanpainarekin alderatuta, 974 eskaera gehiago egin dira. Produktuei erreparatuta, 17.530 litro oliba-olio birjina estra eta 4.655 lote gehiago banatuko dituzte aurten.