Azokara bezero berriak erakartzeko sukaldaritza tailerrak egingo dituzte Azpeitian eta Azkoitian

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 6a, 09:00

Azkoitiko Berdura plaza, azoka egunean.

Maiatzaren 31an egingo dute tailerra Azkoitian, eta uztailaren 11an Azpeitian. Aitziber Aizpurua Azpeitiko Eliku zentroko nutrizionista izango da saioen arduradunetako bat.

Azokatik Mahaira sukaldaritza tailerrak ekimena sortu du Gipuzkoako Azoken Sarea lantaldeak, azoketara kontsumitzaile berriak erakartzea helburu. Bertako produktuetan oinarritutako sukaldaritza saioak emango dituzte lurraldeko hamaika herritan, horien artean, Azkoitian eta Azpeitian.

Aitziber Aizpuru Azpeitiko Eliku zentroko nutrizionistak gidatuko ditu saioak, Anne Otegi sukaldariarekin batera. Lehenengo saioa Legazpin izango da, maiatzaren 16ean. Hilaren 31an emango dute tailerra Azkoitiko azokan, 11:00etan, eta uztailaren 11an Azpeitian, 17:00etan. Tailerrak tokian tokiko azokara egokituko dira.

Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak garatzen du, lurraldeko hainbat udalekin batera, Gipuzkoako Azoken Sarea. Proiektuaren ituak dira azoketara kontsumitzaile berriak erakartzea, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea. Azokatik Mahaira egitasmoaren bidez, azoken indarberritzean eragin nahi dute, sukaldaritza tailerrek kontsumitzaile berriak erakar ditzaketela sinestuta.

Izan ere, Gipuzkoako Azoken Sarearen lantaldeak ohar batean azaldu duenez, "azken urteetan aldatzen ari da kontsumitzaileek azokekiko duten harremana eta honek aukera bikainak irekitzen ditu kontsumitzaile berri eta gazteagoak erakartzeko espazio hauetara".

Oharrean esplikatu dutenez, Aitziber Aizpuruk eta Anne Otegik eskainiko duten tailerretan, "zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen".

Gainera, saio bakoitzaren ostean egun horretan sukaldatuko den platera dastatzeko aukera egongo da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide