Gaurtik ostiralera bitartean eman daiteke Azkoitiko Opena tenis txapelketarako izena

Andoni Elduaien 2025ko mai. 5a, 10:32

Tenislari bat partida batean. (Feepik)

Gaurtik ostiralera bitartean eman daiteke txapelketan aritzeko izena. Maiatzaren 12an, astelehenez, hasiko da txapelketa Txerloiako tenis pistetan. Lau kategoriatan parte hartzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Txerloia tenis klubak Azkoitiko Opena tenis txapelketa antolatu du beste urte batez. Hain justu, gaur, astelehena, zabaldu dute txapelketa horretan parte hartu ahal izateko izen-ematea, eta zabalik egongo da datorren ostiralera bitartean. Izena eman nahi dutenek 669 621 802 telefono zenbakira whatsapp bat bidali beharko dute. 

Tenis klubak lau mailatan aritzeko aukera eskainiko die parte hartzaileei: emakumeen brontze maila, brontze mistoaren maila, zilar mistoaren maila eta urre mistoaren maila. Tenis klubak adierazi du jokalari bakoitzak erabaki beharko duela zein kategoriatan aritu nahi duen, eta horretarako, antolakuntzaren laguntza izango duela. Kategoria bakoitzean hamasei jokalarik parte hartuko dute gehienez.

Izen-ematea 20 euro ordaindu beharko da Bizum bidez ordainketa eginda. Dena den, klubeko abonatuek edota tenis eskolakoek 15 euro ordaindu beharko dute. Ligaxkako partidak jokatu ahal izateko, gainera, teniseko pilota poto bat jasoko du parte hartzaile bakoitzak. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gutxienez bi partida jokatuko ditu parte hartzaile bakoitzak.

Txapelketa maiatzaren 12an, astelehenez, abiatuko da, eta ekainaren 1era bitartean ligaxkako partidak jokatuko dituzte; ekainaren 2tik 8ra bitartean lehiatuko dituzte final laurdenetako kanporaketak; ekainaren 9tik 15era, finalerdien txanda izango da; eta azkenik, ekainaren 21ean, larunbatez, lau kategorietako finalak jokatuko dituzte. Azken egun hori, gainera, bazkaria eginda borobilduko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide