Garaipenik ez Anaitasunaren azken jardunaldietan

Ane Olaizola 2025ko mai. 5a, 09:23

Xabi Soraluze, aurten Txerloian jokatutako partida batean. (Anaitasuna)

Ohorezko Erregionalen Mailako taldeak Real Union B-ren aurka jokatu du 31. jardunaldia, eta bina egin dute etxean; emakumeek ere ezin izan dute Basauri mendean hartu, eta 2-1 amaitu zen atzo haien neurketa.

Partida eguna izan zuten atzo Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek. Gizonek Real Union B taldearen aurka jokatu zuten Ohorezko Erregionalen Mailako 31. jardunaldia, eta gorritxoek bina amaitu zuten norgehiagoka etxean; emakumeek, ere ezin izan zuten Basauri mendean hartu, eta 2-1 amaitu zen haien neurketa bizkaitarren Arduntuaga futbol zelaian.

Parekotasun handiko neurketa izan zen Anaitasunaren eta Real Union B-ren artekoa, hasierako minutuetan batez ere, eta 22. minutuan iritsi zen etxekoen aurreneko gola, area ertzeko falta batetik gol ikusgarria sartu baitzuen Carlos atzelariak. Ondorengo minutuetan, Irungo taldeak hainbat aukera izan zituen Anaitasunaren atean baloia sartzeko, eta azkenean, partidaren 44. minutuan lortu zuen gola egitea. Horrenbestez, markagailua bana zela joan ziren taldeak atsedenaldira. 

Bigarren zatiaren hasierako minutuak ere estuak izan ziren: Pastrik zelai erditik botatako jaurtiketa oso gutxigatik joan zen kanpora, eta Real Unionek beste bi aukera izan zituen markagailuan aurre hartzeko, baina Anaitasunaren atzelariek bi erasoak kanporatzea lortu zuten. Partida amaierara iristear zela, 80. minutuan, Real Union B-k bigarren gola sartu zuen, baina luzapenean, partida berdintzea lortu zuten etxekoek, Hichamen golari esker.

Beste puntu bat batuta, sailkapeneko zortzigarren postuan kokatu da Azkoitiko taldea, 42 punturekin. Aste honetan, Mutrikuren aurka jokatuko du ligako 32. jardunaldia; postu bat beherago dago talde hori.

Emakumeek, bestalde, Basaurin jokatu zuten Euskal Ligako 32. jardunaldia, baina ez zuten gizonen zortze berbera izan; izan ere, 18. minutuan txartel gorria jaso zuen Naiak, eta ondorioz, jokalari bat gutxiagorekin aritu zen Anaitasuna partida ia osoan. Era berean, 20. minutuan lehenengo gola sartu zuen Basaurik, baina bigarren zatia hasi orduko, markagailua berdintzea lortu zuten gorritxoek: izan ere, Mariari egindako penaldia bikain baliatu zuen Jonek. Ordea, basauritarren lehen gola berdintzea lortu zuten arren, bigarren zatian berriro aurreratu ziren etxekoak.

Gaur-gaurkoz, sailkapeneko 12. postuan da Anaitasuna, 35 puntu batuta, eta datorren jardunaldia 17. postuan den Bizkeneskak taldearen aurka jokatuko du, etxean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide