Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak aurrerapauso latza egin du gaur, igandea, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan aurrera egiteko. Azkoitiko eskuzko pilotariek 0-3 irabazi dute Aretxabaletan (Gipuzkoa). Datorren astean etxean itzulerako partidak jokatzeko badituzte ere, Oteizakoek hanka eta erdi sartu dute final zortzirenetan.
Kadeteetan, 3-22 irabazi dute Julen Etxanizek eta Urtzi Segurolak; gazte mailan, 4-22 gailendu dira Jon Arregi eta Imanol Bastida; eta azkenik, nagusietan, 8-22 nagusituta lortu dute hirugarren puntua Mikel Aranbarrik eta Alex Juaristik. Final hamaseirenetako kanporaketa erdi erabakita dute Oteizakoek, eta datorren ostiraleko 22:00etan jokatuko duten itzulerakoan aski izango dute partida bat irabaztea. Hiru partidak galduta ere, gaur Aretxabaletakoek baino tanto gehiago eginez gero –hamabost tantotik gora, alegia–, Azkoitiak egingo luke aurrera.
Txapelketak aurrera egin ahala, kanporaketetan ere aurkari zailagoak izango dituzte Azkoitiko eskuzko pilotariek. Final zortzirenetan, esaterako, gaur baino arerio gogorragoa izango lukete ziurrenik; izan ere, Ataun final zortzirenetako kanporaketa jokatzeko aurkariaren zain dago dagoeneko.
Hona hemen eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren koadroa:
Aranbarri, Gipuzkoarekin txapeldun
Asteburu honetan federazioen arteko GRABNI Txapelketa ari dira jokatzen Gasteizen. Gipuzkoakoaz gain, Araba, Bizkai, Iparralde, Nafarroa eta Errioxako esku pilota federazioetako kideak parte hartzen dira txapelketan. Hain justu, Mikel Aranbarri Oteiza elkarteko pilotari azkoitiarrak 22 urtez azpiko finala jokatu zuen atzo Gipuzkoa ordezkatuz, eta hura txapeldun gelditu zen Oiartzungo (Gipuzkoa) Landarekin batera. Nafarroako Apezetxea-Santesteban bikotea izan zuten haiek aurkari, eta partida gogorra eta lehiatua jokatu bazuten ere, 22-20 irabazi zuten Aranbarrik eta Landak.