Urretxuko Ipiñarrietak irabazi du kintopekoen Udaberri Idi Dema Saria

Andoni Elduaien 2025ko mai. 4a, 10:25

Urretxuko uztarriak 50 plaza osatu zituen atzo gauean Gurea probalekuan, bigarren sailkatu zen Lopategik baino plaza bat gehiago. Azkoitiko Isidro Erretegia izan zen hirugarren sailkatua, irabazleak baino bost plaza eskas gutxiago eginda.

Urretxuko (Gipuzkoa) Ipiñarrietak irabazi du aurtengo kintopekoen Udaberri Idi Dema Saria. Atzo, zapatua, jokatu zuten dema Azkoitiko Gurea probalekuan 22:00etan hasita, eta lau uztarri aritu ziren nor baino nor gehiago: Mungiako Birle auzoko (Bizkaia) Lopategi, Urretxuko (Gipuzkoa) Ipiñarrieta, Zestoako Arroa auzoko Etxetxo eta herriko Isidro erretegia. Lehia estua izan bazen ere, Urretxuko uztarriak osatu zuen atzo gauean lanik onena. 50 plaza egin zituzten Urretxukoek, Lopategik baino plaza bat gehiago.

Nolanahi ere, etxeko uztarria plazaratu zen aurrena, Isidro Erretegiarena; hark 45 plaza, lau zinta eta 4,2 metroko lana osatu zuen. Arroako Etxetxoren idiek egin behar izan zuten lana bigarren, eta haiek 43 plaza osatu zituzten. Birleko Lopategiren uztarria aritu zen hirugarren, eta haren idiek ordura arteko bi lanak hobetu zituzten, 49 plaza justu osatuz. Ipiñarrietari lanak zail jarri bazizkion ere, Urretxuko uztarriak 50 plaza egin zituen, eta hala, gaueko emaitzarekin onena haiena izan zen.

1.770 kiloko Ipintza izeneko harriari tira egin behar izan zioten atzo idiek. Gainera, 1.140 kilotik gorako idiek kiloko kilo eta erdiko gainkarga eraman behar izan zuten. Hain justu, Isidro Erretegiarenak 61,5 kiloko gainkargarekin aritu ziren; Etxetxorenak 37,5 kilokoarekin; Lopategirenak, sei kilokoarekin; eta azkenik, Ipiñarrietarenak, 60 kilokoarekin.

Argazkiak: Ibon Errazu

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide