Anaitasunak eta Elgoibarrek hutsean berdindu zuten atzo, osteguna, Elgoibarko (Gipuzkoa) Mintxeta futbol zelaian. Loren Barbadoren taldeak puntu bat batu zuen Anaitasuna zaleek ondo gogoan izango duten futbol zelaian; izan ere, 2017ko maiatzaren 27an zelai horretan bertan lortu zuen orduan Igor Quindos entrenatzaileak zuzentzen zuen Anaitasunaren gizonen taldeak Espainiako Hirugarren Mailara igotzea.
Atzoko lehiak, baina, zirrara gutxiago izan zuen; bai, behintzat, Anaitasunarentzat. Borja Rocha entrenatzaile azkoitiarrak zuzentzen duen Elgoibar maila ez galtzeko lehia betean sartuta dago, eta norgehiagokaren hasieran joko egoera onak sortu zituzten haren gizonek abaguneak sortzeko, nahiz eta arriskurik sortu ez. Ander Pastrianena izan zen, berriz, Anaitasunaren lehen aukera garbiena, baina Elgoibarren atera bidean atzelari batekin izandako deman ez zen ailegatu aurrelaria atezainaren gainetik jaurtiketa egitera. Oro har, paretsu aritu ziren Rocharenak eta Barbadorenak lehen 45 minutuetan.
Bigarren zatian, Elgoibarrek izan zuen aurreneko gol aukera; hegaleko falta erdiraketa arriskutsu batean buruz egin zuten errematea Elgoibarkoek, baina Aritz Sudupe gorritxoen atezainak gelditu zuen baloia. Partida bigarren zatiko hogeigarren minutura iristear zela, berriz, Oihan Etxaniz zelairatu berriak gertu izan zuen huts eta batekoaren gola. Elgoibarko atezainak baloia ateratzen egindako hanka sartze batean Etxanizek jaso zuen baloia, baina atearen aurrean oinaren kanpoko aldearekin saiatu zen gola egiten, eta baloia zutoinaren albotik kanpora joan zitzaion hari.
Etxekoek erantzun zuten gero, ordea; arrisku handiarekin, gainera. Lehia amaitzeko ordu laurden eskas falta zenean, kontraerasoan atera zen Elgoibar, etxeko bi jokalari oso egoera onean ailegatuz Anaitasunaren ate aurrera. Jokalari batek besteari egin zion goleko pasea area barruan atezaina gainditzeko, baina baloia jaso zuenak zeharo trakets egin zuen errematea, eta baloia kanpora joan zitzaion gorritxoen pozerako. Puntu premiak eraginda, Elgoibar gogotik saiatu zen azken minutuetan, eta gertu izan zuen gola beste jokaldi batean. Area ertzetik egindako jaurtiketan baloia zutoinaren ondotik ozta-ozta joan zen.
Azkenean, puntu banaketarekin konformatu behar izan zuten bi taldeek, denboraldiaren sasoi honetan inorentzat asko ez den puntuarekin, hain zuzen. Atzoko lehia atzean utzi eta igandeko partidan pentsatzen ari dira honezkero Anaitasunako jokalariak; izan ere, aste honetako bigarren partida jokatuko dute orduan, 16:30ean hasita, Txerloian. Real Union B taldea izango dute aurkari Barbadorenek, ligako hirugarren sailkatua. Denboraldia amaitzeko lau lehia besterik ez zaizkie gelditzen gorritxoei: Real Union eta Arrasate izango ditu etxean, eta Mutriku eta Hernani, kanpoan. Emakumeek, berriz, Basauriko (Bizkaia) Artunduaga zelaian jokatuko dute Basauriko Kimuak taldearen aurka, igandean (17:00). Haiei hiru norgehiagoka baino ez zaizkie gelditzen urtea amaitzeko: igandekoaz gain, Bizkeneskak taldearen eta Hernaniren aurka jokatu beharko dute Mikel Barquerorenek.