Igor Zubeldia: "Ea etorkizunean Imanol Realera itzultzen den; irrikan egongo gara"

Ainara Arratibel Gascon (Berria) 2025ko mai. 2a, 09:37

Igor Zubeldia Realeko jokalaria. (Urtzi Oteiza)

Imanol Alguacilek utzi duen ondarerik handiena taldeari eman dion izaera lehiakorra izan dela esan du Zubeldiak. Esker hitzak izan ditu harentzat, eta baikor da igandeko Athleticen aurkako derbiari begira. "Geratzen zaizkigun bost finaletako bat da". Ainara Arratibel Gascon kazetariak Berria egunkarirako egindako elkarrizketa da honako hau.

Astebete igaro da Imanol Alguacilek Reala utziko duela iragarri zuenetik. Hurrengo egunean iragarri zuen klub txuri-urdinak haren ordezkoa Sergio Francisco izango zela. Igor Zubeldia kapitainak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997) bi berriak aztertu ditu, baita igandeko derbia ere.

Nola jakinarazi zizuen erabakia Alguacilek? Espero al zenuen?

Zubietan bildu gintuen, eta esan egin zigun. Ez genekien zer esango zigun, baina edozer erabakita ere, eskubide osoa zuen. Ogibide horrek asko exijitzen du, eta agian neke apur bat antzeman du. Gogorra eta arraroa da. Egin duen lana eta izan duen ibilbidea izugarriak izan dira, eta geratzen diren bost partida hauetan gure onena eman dugu, beragatik, zaleengatik, eta guregatik, seigarren urtez jarraian Europarako sailkatzeko. Historia egitea litzateke berriro ere. Hori da hark ere nahi duena.

Ez da urte erraza izan harentzat. Azkenaldian kritikak jaso ditu, batez ere sare sozialetan.

Urte errazik ez dago. Lehen taldearen ardura hartu zuen urtea ere ez zen erraza izan. Kritikak ohikoak dira futbolean, gure lanaren parte dira. Zorionez, badakigu kritika horiek nola hartu. Baina kasu honetan zentzugabeak dira. Egin duen lana eta izan dituen lorpenak hortxe daude. Izugarria da, eta etorkizunean konturatuko gara. Gutxik pentsatuko zuten halako ibilbidea izango zuenik eta Realean partida gehien zuzendu dituen teknikaria izango zenik. Eskertzea besterik ez dut, bai niregatik bai taldearengatik egin duenagatik. Ea etorkizunean Realera itzultzen den. Denak irrikan egongo gara.

Zein ondare utzi du?

Taldeari izugarrizko izaera lehiakorra eman dio. Gure onena atera du, eta erlaxatuz gero beti egon da gu estutzen. Eguneroko lan hori partidetan eta emaitzetan islatu da gero.

Haren ordezkoa ere iragarri dute: Sergio Francisco. Harrobian lan egiten aritu den entrenatzaile bat lehen taldera igotzeak zer esan nahi du harrobiko jokalari batentzat?

Nik uste dut gauza oso ona dela. Ikusi da harrobian lan ona eginda entrenatzaileek ere lehen taldera irits daitezkeela. Balio handia du horrek. Sergiok lan oso ona egin du klubean daramatzan urteetan, oso ondo ezagutzen du etxe hau, baita azpitik datozen jokalariak ere. Ziur nago lan bikaina egingo duela. Gu harekin egongo gara, eta behar duen guztian lagunduko diogu.

Partida batzuk daramatzazu jokatu gabe. Igandean zelaian egoteko moduan izango zara?

Hobeto nago, baina neuk ere ez dakit iganderako prest egongo naizen. Bihar [atzo] froga bat egingo dut, eta ditudan sentipenen arabera jakingo dut taldearekin aritzeko moduan nagoen.

Berria egunkariak Zubeldiari egindako elkarrizketa da honako hau. Irakurri elkarrizketa osorik, hemen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide