Musikenek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duten Gipuzkoako Organoak Plazara zikloaren barruan, Victor Perea Madrilgo Santa Cruz parrokiko Mutin/Cavaillé-Coll organoaren organista titularrak doako kontzertua eskainiko du bihar Azkoitiko parrokian, 17:30ean.
Madrildarra Palenciako (Espainia) kontserbatorioko organo irakaslea da, eta 2016tik 2019ra artean, Madrilgo Real Oratorio del Caballero de Gracia elizako organista titularra izan zen. 2022tik 2023ra bitartean, berriz, organista aritu zen Donostiako Martutene auzoko Sortzez Garbia parrokian.
Bestalde, Gipuzkoako Organoak Plazara zikloak Gipuzkoako ondare organistikoa eta organo errepertorioa publikoari hurbiltzea du helburu. Aurten, egitasmoak zortzigarren aldia du, eta Azkoitian ez ezik, Ataunen, Bergaran, Usurbilen eta Donostian egingo dituzte musika saioak.