Erromeria eta dantza zaleentzako hitzordua adostu dute udalak eta EITBk. Imuntzo eta Beloki trikitilarien martxara eta Sahatsa dantza taldeak, Maider Ansak, Iraia Bereziartuak eta Ein GO musika taldeak girotuta, dantza ikuskizuna eta erromeria herrikoia eskainiko dituzte maiatzaren 9an, ostiralez, herriko plazan.
21:30ean hasiko da ikuskizuna, eta EITBko kamerek grabatuko dute; izan ere, udalaren eta EITBren lankidetzaren ondorioz, ETB1eko Oholtzan saiorako grabazioa egingo dute emanaldian zehar. Euskal Telebistako programa horrek Euskal Herriko dantza eta musika emanaldiak izan ohi ditu ardatz, eta oraingoan, irudiak Azkoitiko plazatik zabalduko dituzte lau haizetara.
Emanaldia herriko plazan izango denez, irekia eta doakoa izango da herritar ororentzat. Hori hala izanda, udalak erromerian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta, oro har, inguruko musika zein dantza zaleak. Dantzarako gogoz direnek, gainera, Sahatsako kideak izango dituzte bidelagun, haiek fandangoa, arin-arina, San Antonio dantza eta kalejira dantzatuko dituzte eta.
Juan Ramon Azpitarte Imuntzo trikitilari azkoitiarrak Sakabi, Epelarre eta Laja izan zituen irakasle, eta gerora hasi zen bere kabuz. Gaur egun, hain justu, bera da gaztetxoekin eta nerabeekin irakasle lanetan aritzen dena. 1989. urtean elkartu zen azkoitiarra Eleuterio Jauregi Beloki pandero jotzaile zaldibiarrarekin, eta 1991n, Euskadiko Trikitilari Txapelketa Nagusian txapeldunorde geratu ziren. Harrezkero, zortzi disko argitaratu dituzte elkarrekin.
Euriagatik atzeratu?
Udalak eta ETBk maiatzaren 9rako adostu dute hasiera batean erromeria grabatzeko hitzordua, baina erakundeak adierazi du, posible dela hitzordua atzeratzea. Egun horretan euria egingo balu, bi astez atzeratuko lukete erromeriaren grabazioa, alegia, maiatzaren 23ra. Bigarren egun horretan ere eguraldiagatik trikitilariek eta dantzariek ezingo balukete erromeria herriko plazan eskaini, Gurea pilotalekura lekualdatuko dute kontzertua.