Badator Holz Und Blech, hazten doan zuhaitza

Ihintza Elustondo 2025ko api. 30a, 13:00

Holz Und Blech jaialdiko omenaldia, iaz, Balda plazan. (Ihintza Elustondo)

Gaurtik larunbatera bitartean egingo dute Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdia Azkoitian, Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez. Haurrentzako tailerra, Zizuren senideei egin ohi dieten omenaldia, hitzaldia eta 40 disko jartzaile ingururen saioak izango dira datozen egunetan. Festaren parte izatera animatu dituzte antolatzaileek herritarrak.

Badator musika elektronikoaren zaleentzat ezinbesteko bilakatu den hitzordua: gaur hasiko dute Holz Und Blech jaialdia. Hamar urte bete dira aurten Zuhaitz Urain Zizu zena hil zela, eta bederatzigarren aldiz antolatu dute haren lagunek eta gertukoek jaialdia. Musika elektronikoaren sustatzaile handienetako bat izan zen Zizu Azkoitian nahiz inguruotan, eta haren omenez, urteroko gisan, Eurre ta txapa! lelo hartuta egingo dute omenaldi kutsuko festa elektronikoa.

Bihar, maiatzaren 1a, jaieguna izango dela aprobetxatuz, lau eguneko egitaraua antolatu dute aurten; ohi baino zabalagoa. Gaur, asteazkenez, murgilduko dira jaialdian, eta larunbatera bitartean izango da zertaz gozatu. Haurrentzako tailerra, Zizuren senideei egin ohi dieten omenaldia, hitzaldia eta 40 disko jartzaile ingururen saioak izango dira datozen egunetan. Julian Balenziaga da jaialdiaren antolatzaileetako bat, eta hark nabarmendu duenez, urtez urte "hazten" ari da jaialdia. "Hazten goaz, bai jaialdia, eta baita elkartea bera ere, elkarrekin. Txikitik handira goaz, eta horrek urtez urte gauza gehiago kontuan hartu eta eskaintza zabaltzeko aukera ematen digu", adierazi du.

Musika elektronikoa herritarrengana hurbiltzea eta haren ertzak gizarteratzea nahi dute jaialdiaren bidez. Gaztetxoei musika elektronikorako grina sustatzea garrantzitsua dela iruditzen zaie, eta horregatik, haiei zuzendutako tailerra egingo dute jaialdiaren lehen egunean. Tailerrean, perkusiozko musika tresnen bidez ezagutu ahal izango dute "gorputza dantzan jartzen duten erritmoak" nola sortzen diren, eta modu horretara murgilduko dira doinu elektronikoetan. "Modu dibertigarri batean musika elektronikoaren oinarriak araka ditzaten nahi dugu", dio Balenziagak.

Izatearen arrazoia, "garbi"

Gaur arratsaldean musika mota hori sortzeko gakoak emanda, bihartik larunbatera arteko jaian murgilduko da herria. Bihar, osteguna, omenaldia egingo diote Zuhaitz Urain Zizu zenari eta haren sendiari Balda plazan, 17:50ean. Horixe izan ohi da urtero hutsik egin ohi ez duen ekitaldia; izan ere, Balenziagaren arabera, garrantzitsua da jaialdia noren omenez sortu zuten ez ahaztea: "Omenaldi festa bat da, eta beti halaxe izango da. Garbi dugu zein den izatearen arrazoia. Handituz eta zabalduz goaz, baina une oro Zuhaitz gogoan izanda".

Zizuren familiari omenaldi "goxo, hunkigarri eta beharrezkoa" egin ostean, musika elektronikoaren egungo errealitateaz hausnartzeko balioko duen hitzaldia izango da Galipan tabernan; 18:00etan izango da, Gela eta Telmo Trenor disko jartzaileen eskutik, eta 19:00etan, aurtengo jaialdiko aurreneko emanaldia eskainiko du bikoteak. Lehen eguna ixteko, Maitx DJa Plazaberrin arituko da, 22:30etik aurrera.

Ostegun eta ostiralerako, berriz, arratsaldetik goizaldera arteko festa prestatu dute Holz Und Blech egitasmoaren antolatzaileek. Guztira, 40 disko jartzaile inguru arituko dira bi egun horietan festarako egokituko dituzten guneetan eta tabernetan. 

Egitarau oparoa esku artean, Balenziagak herritar guztiak animatu ditu Holz Und Blech festan murgiltzera. "Urtero bezala, ekitaldira gerturatzen den jendeak omenaldi festa hau barrutik bizitzea nahi dugu, parte senti daitezela, hori baita urtean zehar gogoan eraman ohi dugun oroitzapenik onena". Beraz, jarrai dezala hazten eta loratzen zuhaitzak.

Egitaraua

Hona hemen aurtengo jaialdiaren egitaraua eta ordutegiak:

  • Gaur, asteazkena:
    • 18:00. Haurrentzako doako tailerra, eliz atarian.
  • Bihar, osteguna:
    • 17:50. Zuhaitz Urain Zizu zenari eta haren senideei omenaldia, Balda plazan.
    • 18:00. Gelaren eta Telmo Trenorren hitzaldia, Galipan tabernan.
    • 19:00. Gela B2B Telmo Trenor (Galipan taberna), Galipan tabernan.
    • 22:30. Maitx DJaren emanaldia, Plazaberrin.
  • Etzi, ostirala:
    • 17:00etatik 02:00etara, Alternative Krew, Munizzio, Adre eta Lumbago, Matadeixen.
    • 02:00etatik 06:00etara, Garai eta Gisa, Latz tabernan.
    • 02:00etatik 06:00etara, Juantxi eta Ladrillovitz, Txalintxo tabernan.
  • Maiatzak 3, larunbata:
    • 16:00etatik 00:00etara, Alexander Loop B2B House One, Abdulla A., Vass eta Mari.Te, Goiko Losan.
    • 20:00etatik 22:00etara, Acelga eta Zatibi, eliz atarian.
    • 22:00etatik 02:00etara, Alcid eta BLN Music, Hika tabernan.
    • 22:00etatik 04:00etara, Divorce from New York, Galiano eta Borja S., Zurt tabernan.
    • 22:00etatik 06:00etara, Andrew Car B2B Anthony Pern, Goiko B2B Julen Lujan, Nelli eta Maya B., Txalintxo tabernan.
    • 00:00etatik 04:00etara, Beba B2B Panda eta Bihotza, Dean tabernan.
    • 00:00etatik 04:00etara, Kapitaina B2B Xugua eta Vita V, Etxe-Aitz tabernan. 
    • 00:00etatik 04:00etara, Göo! B2B Piek eta Javier Carballo, Tta-kun tabernan.
    • 00:00etatik 06:00etara, Koldo Intermusic, Brgs eta Orphidal, Latz tabernan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide