Datorren zapatuan, maiatzak 3, kintopekoen Udaberri Idi Dema Saria jokatuko dute Azkoitiko Gurea probalekuan. 22:00etan hasita, lau uztarri ariko dira nor baino nor gehiago: Mungiako Birle auzoko (Bizkaia) Lopategi, Urretxuko (Gipuzkoa) Ipiñarrieta, Zestoako Arroa auzoko Etxetxo eta herriko Isidro erretegia.
Lau etxe horietako idi pareak plazaratuko dituzte larunbat gauean Ipintza izeneko harriari tira egitera. Plaza gehien egiten dituen uztarriak jantziko ditu aurtengo txapela eta manta.
Dema egunean 10:00etan egingo dituzte idien pisaketak Azkoitiko Instalaciones Lagunak lantegiaren biltegian. 1.140 kilotik gora pisatzen badute idiek, kiloko kilo eta erdiko gainkarga ezarriko diete idiei.