Andremarietako film laburren lehiaketaz hitz egiteko bilera irekia deitu du udalak maiatzaren 6rako

Andoni Elduaien 2025ko api. 29a, 14:49

Herriko plaza, iaz, film laburrak ikusten. (Udala)

19:00etan egingo dute bilera, udaletxean. Aurtengo urteko lehiaketarako gaia eta epeak zehaztea eta beste zenbait arlori buruz hitz egingo dute.

Azkoitiko Udalak bilera irekia deitu du datorren astearterako, maiatzak 6, andremarietako film laburren lehiaketari buruzko zenbait azalpen emateko. Udaletxeko laugarren solairuko gelan egingo dute bilera 19:00etan hasita, eta aurreko urteetako parte hartzaileek zein partaide berriek parte hartu ahal izango dute bertan.

Besteak beste, aurtengo film laburren lehiaketarako gaia adostea, beste hainbat arloz hitz egitea eta lanak aurkezteko epeak zehaztea izango dute helburu bilkuran. Udalak azaldu duenez, bileraren helburua da "ahalik eta erantzunik zabalena" ematea. 

Film laburren lehiaketa andremarietako hitzordurik "jendetsuena eta kuttunena" dela adierazi du erakundeak. "Plaza txiki geratu ohi da herritarrek egindako lanen aurkezpenean. Ikus-entzuleek gozatzeko, ordea, film laburrak egitera animatuko diren talde sortzaileen ekarpena nahitaezkoa da", azaldu du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide