Zabalik da Azkoitiko duatloi herrikoian parte hartzeko izen-ematea

Ane Olaizola 2025ko api. 28a, 12:01

Iazko duatloiaren irudi bat. (Nerea Uranga)

Maiatzaren 17an jokatuko dituzte umeei zuzendutako duatloia eta 12 urtetik gorakoentzako duatloi herrikoia, eta azken horretan parte hartu nahi dutenek gaurtik hilaren 12ra bitartean eman dezakete izena. Proba guztiak egokituak izango dira.

Azkoitri triatloi taldeak antolatuta, datorren hilaren 17an ospatuko dute duatloi festa inklusiboa Azkoitian, eta egun horretan, bi proba jokatuko dituzte: umeei zuzendutako duatloia goizean, eta duatloi herrikoia arratsaldean. Azken horretarako izen-ematea zabalik da gaurtik, eta han parte hartu nahi dutenek maiatzaren 12ra artean dute inskribatzeko aukera, rockthesport.com eta www.triatloi.org webgunetan. Bakoitzak 15 euro ordaindu beharko du, baina antolatzaileek binaka eta erreleboka parte hartzeko aukera ere zabaldu dute aurten, eta bikoteek 30 euro ordaindu beharko dute, eta erreleboka egin nahi dutenek, 20 euro. Azken modu horretan, kirolari batek korrikako bi zatiak egin beharko ditu, eta beste kirolariak, aldiz, bizikleta gainekoari dagokiona.

Beste hainbat aldaketa ere izango dira datorren lasterketa herrikoian. Izan ere, irteera eta helmuga gunea Trenbidearen Zumardian izango dira aurten, eta parte hartzea sustatzeko asmoz, bizikleta gaineko ibilbidea guztiz laua izango da.

12 urtetik gorakoek parte har dezakete duatloi herrikoian, eta irteera mailakatua izango du probak: 12 eta 14 urte bitartekoen irteera 16:00etan izango da; 16:10ean, duatloi egokitua hasiko da, eta bi minutu beranduago, duatloi orokorrari emango diote hasiera. 

Distantzia ere apur bat moztu du triatloi taldeak: kirolariek bi kilometro egingo dituzte korrika, zortzi kilometro eta erdi bizikletan eta beste kilometro bat korrika. Horiek guztiek 14:30etik 15:45era artean jaso ahal izango dituzte dortsalak, eta boxeak 14:30etik 15:55era artean zabalduko dituzte. Arropen zaindegia eta dutxa zerbitzua ere izango dira 18:00ak artean, eta ordu horretan izango da sari banaketa.

Sariei dagokienez, hain zuzen, helmugara iristen diren lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoek sari bana jasoko dute —triatloian federatutakoek ez dute parte hartuko sailkapenetan—, baita kategoria bakoitzeko lehen sailkatuek ere. Binakako eta errelebokako sailkapenetan, berriz, aurreneko bikote mistoak, emakumeek osatutako bikoteak eta gizonek osatutako bikoteak sarituko dituzte. 

Beheko hiru irudietan ikus daiteke duatloi herrikoiak izango duen ibilbidea, hurrenez hurren:

Bestalde, maiatzaren 3an eta 10ean, entrenamendu saio bateratuak egingo dituzte, parte hartzea sustatzeko eta kirolariek zalantzak argitzeko asmoz. 10:00etatik 11:00etara artean elkartuko dira, herriko plazan. 

Goizean, umeen txanda

Arratsaldeko proba jokatu aurretik, ordea, goizean hasiko da duatloiaren festa herrian, laugarrenez umeen duatloi probak jokatuko baitituzte orduan. 10:00etan, LH3koen txanda izango da [500 -2.000 -100 metro]; 10:30ean, LH4koena [500-2.000-100 metro]; 11:30ean, LH5ekoena [500-3.000-200 metro]; eta 12:00etan, azkenik, LH6koena [500 - 3.000 - 200 metro].

Lasterketen inguruko informazio gehiago, berriz, azkoitikoduatloia.eus atarian lor daiteke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide