Zarautz eraginkorragoa izan da Txerloian

Andoni Elduaien 2025ko api. 28a, 09:36

Aretha Azkue, zapatuan, Txerloian. (Anaitasuna)

Zarautz gol baten aldearekin irabazten joan zen aldageletara. Bigarren zatia etxekoek hobeto hasi zuten arren, bisitariek bigarren gola egin zuten lehia erabakitzeko.

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak galdu egin zuen herenegun, zapatuan, Txerloian; Zarautzek 0-2 irabazi zuen gorritxoen etxean. Neurketaren lehen minutuetan ekimen handia erakutsi zuten Zarauzkoek Azkoitian; hasiera-hasierako minutuetan Anaitasunaren atearen bueltan aritu ziren bisitariak, eta ordu laurdena bete zenean egin zuten huts eta batekoaren gola.

Mikel Barquerok zuzendutako taldea ahalegindu zen atsedenaldiaren aurretik lehia orekatzen; Aretha Azkuek izan zuen gorritxoen gol aukera bakarra, baina hark kanpora bidali zuen baloia atearen aurrean. Hori hala, gol bateko abantailarekin iritsi zen Zarautz atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan, Anaitasuna gehiago izan zen berdegunean, eta lehia berdintzeko abaguneak ere sortu zituen taldeak. Aurrena, Kalare Olaizola saiatu zen, baina haren jaurtiketan Zarauzkoen atezainak gelditu zuen baloia. Azkuek ere izan zuen beste gol aukera bat, Olaizolarena baino argiagoa, baina haren jaurtiketa arriskutsuan ere Zarauzkoen atezaina izan zen protagonista. Gehiago ziren zelaian gorritxoak, baina 70. minutuan lehia ebatzita utzi zuen Zarautzek, saria kanpoko taldeak lortu baitzuen. Emaitza horrekin amaitu zen partida Txerloian.

31 jardunaldi jokatu eta gero, Anaitasuna sailkapeneko hamabigarren postuan dago egun, 35 punturekin. Datorren asteburuan, Basauriko Kimuak taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak gorritxoek. Lehia horren ondoren, Bizkeneskak izango du aurkari Anaitasunak etxean, eta denboraldia amaitzeko, Hernaniren aurka jokatuko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide