Eskutik joango diren Erremontari telebista saioa eta Sagardoaren Erremonte Txapelketa zein Erremontari Herriz Herri egitasmoa aurkeztu zituzten atzo Oriamendik eta ETBk Hernanin (Gipuzkoa). Aurten ere txapelketa lehiatuko duten erremontistetako bat izango da Iban Larrañaga azkoitiarra.
Hain zuzen ere, Javier Urrizaren atzelaria izango da Larrañaga aurtengo txapelketan. Nafarroako txapeldun handiak erretiroa hartu aurretik jokatuko duen azken txapelketa izango da. Petritegi sagardotegiaren izenean jokatuko dute txapelketa Urrizak eta Larrañagak, eta Aritz Altadill ariko da bikotearen kapitain lanetan.
Datorren astelehenean, apirilaren 28an, hasiko da Erremontari saioa, eta horrekin batera, Sagardoaren Txapelketa. Bost bikote lehiatuko dira, eta denek denen kontra jokatuko duten ligaxka jokatuko dute aurrena –apirilaren 28an, eta maiatzaren 5ean, 12an, 19an eta 26an–; ligaxkaren irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera. Hirugarren eta laugarren postuetan sailkatzen diren bikoteek play-off-a jokatuko dute –ekainaren 3an, asteartea–. Play-off horretako irabazleak eta ligaxkan bigarren postuan sailkatu denak finalaurrekoa jokatuko dute ekainaren 9an, eta ligaxkaren bikote irabazlea zain izango du finalaurrekoaren irabazleak ekainaren 16ko finalean.
Ligaxkaren lehen egunean, datorren astelehenean, Urrizak eta Larrañagak Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren kontra jokatuko dute. Partida guztiak Hernaniko Galarreta pilotalekuan jokatuko dituzte. Jaialdiak 18:00etan hasiko dira, eta ETB1en 22:30ean emango dituzte, Erremontari saioan.