Faisaien irla (Euskal Herria, 2025) eta Minecraft film bat (AEB, 2025) dira aste honetan Baztartxo antzokiko zinema karteldegian ageri diren bi filmak. Ohi bezala, zapatuan, igandean eta astelehenean izango dira film emanaldiak Baztartxon: zapatuan zein igandean 19:30ean eta astelehenean 20:00etan emango dute Faisaien irla, eta igandean 17:00etan Minecraft film bat.
Zinema aretoetara iritsiko den asteburuan bertan ikusi ahal izango da Azkoitian Faisaien irla, Asier Urbieta zuzendariaren lehen film luzea. Jone Laspiur eta Sambou Diaby dira Bidasoa ibaia eta Hego eta Ipar Euskal Herria banatzen dituen muga ardatz dituen thrillerraren protagonista nagusiak. Honela dio sinopsiak: "Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da, eta burujabetza partekatua du. Urte erdia Espainiako Estatuari dagokio, eta beste erdia Frantziakoari. Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bi pertsona ikusiko dituzte irla paretik paseatzen doazela, ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk geroago, hilotz bat agertuko da irlan".
Minecraft film bat, berriz, abentura eta fantasia uztartzen dituen filma da, izen bereko bideojoko ezaguna oinarri hartuta. Jared Hess zuzendariaren aginduetara aritu dira aktore lanetan Jason Momoa, Jack Black eta Danielle Brooks, besteak beste.