Zerura begira, eguraldiaren menpe, zeuden arratsaldean herritarrak, eguraldiaren iragarpenak euria aurreikusten baitzuen. Iragarpena bete egin da azkenean, eta parrokian Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna amaitzear zela, ekaitza lehertu da. Prozesioa ikusteko kalean elkartuta zeuden herritarrak babesa hartzen saiatu dira nola edo hala, eta euri jasarengandik ihesi, askok elizan bertan hartu dute aterpea. Azkenean, euriaren eraginez, parrokian bertan inprobisatu dute Ostiral Santuko prozesioa, eta Pietatearen pasoak, erromatarrek eta irudien azpian joaten diren umeek zein aingeruek ezohiko prozesioa eskaini dute elizaren barruan, Azkoitiko Bandaren doinuek lagunduta. Edonola ere, herritar ugari elkartu da elizan, eta beste urte batez askoren ikusmina piztu du herrian tradizio den hitzordu erlijiosoak.
Horrez gain, eguraldiak atseden eman duenean, hainbat paso atera ditu kalera Parrokiak, eta Plazaberri zeharkatuta, Santa Klarara eraman dituzte hango elizakoak diren irudiak.
Ohi den moduan, iluntzean beste prozesio bat egingo dute herrian, Hilobirako Prozesio Santua, hain zuzen ere. 21:30ean hasiko da, parrokiatik.
Horrez gain, beste hainbat hitzordu erlijioso izango dira datozen egunetan ere, Parrokiaren eskutik:
Apirilak 19, larunbata. Pazko bezpera.
- 21:00. Pazko gaubeila parrokian, euskaraz: sua, Pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde meza.
Apirilak 20, igandea. Pazko igandea.