Azkoitiko Parrokiak prest ditu Aste Santuko ospakizunak, eta bihar bi hitzordu berezi izango ditu: arratsaldeko Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna eta prozesio nagusia, eta gaueko Hilobirako Prozesio Santua. Guztira, hamahiru paso ditu Azkoitiko Parrokiak, eta iaz horietatik hamar atera zituzten; ordea, aurten bederatzi irudi aterako ditu arratsaldeko prozesio nagusian, iaz baino bat gutxiago, hain zuzen.
Parrokiaren esanetan, gaur egungo "errealitatea" da herritarrek geroz eta gutxiago hartzen dutela halako egitasmoetan parte hartzeko "konpromisoa", baina bestelako hainbat faktorek ere eragin dute iaz baino paso bat gutxiago ateratzera, eta hain zuzen, azaldu dute "beti-betiko eramaile batzuek" ezin dutela aurten parte hartu, osasun kontuengatik edo oporretara doazelako. Hori horrela, aurten prozesiotik kanpora geratuko den pasoa datorren urtean berreskuratzea da antolatzaileen asmoa.
Madalena da bihar prozesioan aterako ez den figura, baina irudi hori zein Azkoitiko Parrokiak dituen gainontzeko guztiak parrokian ikusteko aukera dute dagoeneko herritarrek. Gainera, erakundeak paso bakoitzaren ondoan kartela bana jarri du, eta elizara joaten direnek irudi bakoitzaren informazioa jaso dezakete modu horretara, hala nola irudiaren historia eta hari dagokion herriko kalearen izena.
Antolatzaileen arabera, azken urteetan gutxitu egin dira Azkoitiko prozesioan ateratzen duten irudi multzoaren kopurua, besteak beste, horiek eramateko boluntarioak ere gutxitu egin direlako. Baina Parrokiak azaldu du azken urteetan prozesiotik kanpo geratu den pasoetako bat, esaterako, "oso astuna" dela, eta horrek "asko zailtzen" duela irudia kalera ateratzea. Era berean, azpimarratu du azken urteetan "hazkunde handia" izan duela pasoak eramaten dituzten emakumeen kopuruak, "geroz eta gehiago" animatzen direlako haiek prozesioan modu horretan parte hartzera.
Bihar, bi hitzordu berezi
Ohi bezala, bihar 17:00etan hasiko de Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna parrokian, eta ondoren, prozesioa abiatuko da handik, herriko kaleak zeharkatzeko. Aurten, honako paso hauek aterako dituzte kalera: Jesus baratzean, Epaia, Ecce Homo, Jesus gurutzea gainean duela, Veronika, Kalbarioa, Pietatea, Doloretako Ama, Sepulkroa, Armatuak, San Miguel eta San Gabriel eta aingeruak.
Gauean, berriz, Azkoitiko Aste Santuaren ikur berezienetakoa den Hilobirako Prozesio Santua egingo dute, 21:30ean hasita.
Bien bitartean, gaur, Ostegun Santua, beste hainbat erlijio hitzordu izango dituzte fededunek, honako egitarau honen bidez:
- 11:00. Parrokian, haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
- 17:00. Meza, Santa Klara elizan (gaztelaniaz).
- 19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza, parrokian (euskaraz).
- 21:00. Otoitzaldia: Gau Gurtza.