Garaipena eta porrota, Anaitasunaren azken neurketetan

Ane Olaizola 2025ko api. 14a, 09:16

Anaitasunako gizonen talde nagusia, artxiboko irudi batean. (Anaitasuna)

Ohorezko Erregional Mailako taldeak 3-0 irabazi dio Oiartzuni, eta Euskal Ligako taldeak 7-1 galdu du Pauldarrak taldearen aurka.

Ligako partida bana jokatu dute Anaitasuna futbol taldeko talde nagusiek asteburuan, eta Loren Barbadoren gizonek garaipen sendoa eskuratu dute, Oiartzunen aurka 3-0 irabazita; kontrara, porrota izan da Anaitasunako emakumeen azken jardunaldian, Euskal Ligako jokalariek 7-1 galdu baitute Barakaldoko Pauldarrak taldearen aurka.

Ohorezko Erregional Mailako taldeak etxean jokatu zuten 29. jardunaldia larunbat arratsaldean, eta Anaitasunak sendo hasi zuen Oiartzunen kontrako norgehiagoka, suertatzen zitzaizkion aukerak aprobetxatuz. Hori horrela, partida 27. minutuan zela iritsi zen taldearen aurreneko gola, area barruan izan zen nahasmen momentu bat aprobetxatu baitzuen Pastrik baloia sarera bidaltzeko, eta horrenbestez, aurretik jarri ziren etxekoak. Markagailua 1-0 zela joan ziren taldeak atsedenaldira, eta handik bueltan, Oihanek bigarren gola eman zion taldeari, kontraerasoan jokaldia eginda. Handik minutu gutxira, berriz, taldearen garaipena berretsi zuen hirugarrena gola iritsi zen Txerloian; izan ere, Pastrik bigarrenez sareratu zuen baloia 67. minutuan, eta markagailua 3-0 zela amaitu zen Anaitasunaren eta Oiartzunen arteko neurketa.

Beste hiru puntu batuta, sailkapenean koxka bat egin dute gora gorritxoek, eta zortzigarren postuan dira gaur-gaurkoz. Datozen bi asteburuetan ez dute ligako partidarik jokatuko, eta maiatzaren 1ean izango dute hurrengo neurketa; ligako 30. jardunaldia, hain zuzen. Orduan, Elgoibarrera joango da Barbadoren taldea, sailkapenaren hondarrean den talde horren aurka jokatuko baitu hark norgehiagoka. 

Emakumeak, ezinean

Euskal Ligako partidak, berriz, oso bestelako itxura izan zuen atzo, Anaitasuna ezinean ibili baitzen Barakaldoko Serralde futbol zelaian (Bizkaia) Pauldarraken aurka. Neurketa hasi eta berehala, 10. minutuan, jarri ziren bizkaitarrak aurretik, eta handik aurrera, errenkan iritsi ziren ondorengo golak. Markagailua 3-0 zela amaitu zuten lehen zatia taldeek, eta atsedenalditik bueltan ere joera berean jarraitu zuten; hamar minutuan beste bi gol sartu zituen Pauldarrakek, baina 61.ean, Enarak atseden apur bat eman zion taldeari, hark sartu baitzuen Anaitasunaren gola, penaltiz. Partida amaitu bitartean, beste bi gol sartu zituen Bizkaiko taldeak, eta azkenean, markagailua 7-1 zela amaitu zuten neurketa. 

Punturik eskuratu gabe, sailkapeneko 12. postuan kokatu da Anaitasuna. Datorren asteburuan atseden hartuko dute Emakumeen Euskal Ligako taldeek ere, eta ligako hurrengo jardunaldia hurrengo asteko asteburuan jokatuko dute. Ligako 31. jardunaldia izango da hori, eta Azkoitiko taldeak Zarautzen aurka neurtuko ditu indarrak. Sailkapeneko bederatzigarren postuan da talde hori.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide