Erramu Eguneko elizkizunarekin hasi dituzte Aste Santuko ekintzak

Nerea Uranga 2025ko api. 13a, 08:30

Erramu igande bezperan egin dituzte Azkoitian erramuen bedeinkapena, prozesioa eta meza. Aurreko urteetan ez bezala, parrokiaren barruan izan dira elizkizun horiek, EITBk grabatu eta gaur, Erramu Egunez, emititzeko. Pazko Astea bitartera arteko egitaraua prestatu du Azkoitiko Parrokiak.

Aurreko urteetan ez bezala, Erramu igande bezperan egin ditu egun horri lotutako ekintzak Azkoitiko Parrokiak. Gainera, herriko plazan eta kalean egin beharrean, elizaren barruan egin zituzten atzo prozesioa, erramuen bedeinkapena eta meza. Aurten era horretan egin dute EITBk grabatzeko eta gaur, Erramu Egunez, emititzeko; 09:50ean hasita eskainiko dute Azkoitiko elizkizuna ETB1en.

Azkoitiko parrokia jendez bete zen atzo arratsaldean prozesioa eta elizkizuna jarraitzeko, eta jende askok eraman zuen erramu adar bana bertan bedeinkatzeko.

Ostegun Santuan jarraituko dute Aste Santurako Azkoitiko Parrokiak antolatutako ekintzek, eta Pazko Igandera bitartean izango dira.

Apirilak 17, Ostegun Santua

  • 11:00. Parrokian, haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
  • 17:00. Meza, Santa Klara elizan (gaztelaniaz).
  • 19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza, parrokian (euskaraz).
  • 21:00. Otoitzaldia: Gau Gurtza.

Apirilak 18, Ostiral Santua

  • 09:00. Eliza irekiko dute, "gogoetarako eta bisitarako".
  • 11:00. Gurutze-bidea, parrokian.
  • 16:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan (gaztelaniaz).
  • 17:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna parrokian (euskaraz) eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30. Hilobirako Prozesio Santua.

Apirilak 19, larunbata. Pazko bezpera.

  • 21:00. Pazko gaubeila parrokian, euskaraz: sua, Pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde meza.

Apirilak 20, igandea. Pazko igandea.

  • 11:00. Pazko meza nagusia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide