Madariaga auzoan iritsi dute txirrindulariek Itzuliaren azken etaparen punturik altuena

Maddi Txintxurreta 2025ko api. 12a, 15:25

Lasturretik Azurki aldera aldapa gogorra igo ostean, 14:30 aldean igaro dira txirrindulariak Madariaga auzotik.

Itzuliaren seigarren eta azken etapak Madariaga auzoan iritsi du 153,6 kilometroko ibilbidearen punturik altuena. Bertan, Aittola ingurutik Elgoibarrerako tartean, hainbat lagun batu dira errepidearen bazterretan ikurriñak haizatu eta txirrindulariak animatzera. 14:30ak aldera igaro dira kirolariak Azkoitiko lurretatik.

Eibarren abiatu da gaurko etapa, eta Lastur aldetik iritsi dira kirolariak Madariagara. Azurkiko gaina igotzetik zekartzaten estualdia arindu dute aldapa behera, eta ziztu bizian jaitsi dira Elgoibar aldera. Alta, beste bost portu gainditu behar izan dituzte: Krabelin, Trabakua, Karabieta, Izua eta, berriz ere, Trabakua. Hasi bezala, Eibarren bukatu dute etapa eta, horrekin, baita Itzulia bera ere.

2025eko Itzuliak, beraz, badu garailea: Joao Almeidak irabazi du seigarren etapa eta, horri esker, baita bere lehenengo txapela ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide