Etzi, zapatua, ailegatuko da Euskal Herriko Itzulia Azkoitira. Atzo ere Urola Kostan zehar ibili zen euskal txirrindularitzaren festa, baina, larunbatean ere izango da tropeleko gizonik onenak eskualdean ikusteko aukera.
Azken urteetan bezala, probaren seigarren eta azken etapan igaroko da aurten ere Itzulia Azkoititik, hain zuzen, Madariaga auzotik. Lastur aldetik iritsiko dira txirrindulariak Madariagara, Azurki mendatea egin eta gero. Lasterketaren 26,5 kilometroan ailegatuko da pelotoia auzora, helmugarako 127 kilometro eskasen faltan. Euskal Herriko Itzuliak emandako informazioaren arabera, 14:15-14:20 aldean espero dituzte txirrindulariak Madariagan, eta trafikoan ere izango du eragina. Hain justu, lasterketa auzora iritsi baino ordu erdi lehenago itxiko dute errepidea trafikoarentzat, gutxi gorabehera.
Nolanahi ere, tropela ez da Azkoitiko herrigunetik igaroko, Madariagatik Azkarate gainera jaistean Elgoibar alderako bidea hartuko baitu lasterketak; izan ere, Eibar (Gipuzkoa) izango da berriz ere Euskal Herriko Itzuliaren amaierako herria. Irteera eta helmuga Eibarko Untzaga plazan izango dituzte lasterketak, eta 150 kilometro baino gehiagoko ibilbidean, zazpi mendate igo beharko dituzte dira, horietako hiru, lehenengo kategoriakoak –Azurkikoa, esaterako–.
Hona hemen zapatuko etaparen profila: