Prest dute Holz Und Blech musika jairako egitaraua

Andoni Elduaien 2025ko api. 10a, 08:57

Txalaparta hotsekin oroitu zuten iaz Zizu zena. (Andoni Elduaien)

Maiatzaren 1etik 3ra egingo dute Zizu zenaren omenezko musika jaialdia Azkoitian. Herriko zenbait gunetan eta tabernetan izango dira DJen emanaldiak.

Holz Und Blech jaialdia ate joka dator. Zuhaitz Urain Zizu zena oroitzea eta omentzea xede duen musika elektronikoaren jaialdia maiatzaren 1etik 3ra bitartean egingo dute Azkoitian, eta antolatzaileek prest dute aurtengorako egitaraua. Bederatzigarrenez antolatu dute Zizu zenaren ingurukoek eta lagunek jaia, eta ohi bezala, Euskal Herriko nahiz atzerritik Azkoitira iritsitako disko jartzaile ezagunek girotuko dute herria hiru egun horietan.

Maiatzaren 1a jaieguna izanik, aurten jaialdiaren hasiera egun horretara aurreratu dute. Dena den, apirilaren 30ean, asteazkenez, tailerra eskainiko dute, eta bertan musika elektronikoa nola sortzen den ezagutzeko aukera izango dute gaztetxoek. Maiatzaren lehen egunean hartuko du abaila jaialdiak; egun horretan egingo diete omenaldia antolatzaileek Zizu zenari eta haren senitartekoei Balda plazan. Segidan, Galipan tabernan, Gela eta Telmo Trenor musika jartzaileen hitzaldia izango da, eta hura amaitu bezain laster, emanaldia eskainiko dute biek. Bien bitartean, Plazaberrin arituko da Maitx DJa.

DJ asko eta askotarikoak

Osteguneko ekitaldiek ostiralekoei eta zapatukoei emango diete bidea. Aurten ere azken urteetako festa egiturari eutsiko diote Holz Und Blech egunaren antolatzaileek, eta Euskal Herriko zein nazioarteko 40 disko jartzaile baino gehiago ariko dira musika jartzen; Azkoitiko zein inguruko herrietako honako musikari elektroniko hauek osatuko dute egitaraua: Alexander Loop, Beba, Maitx, Mr. Soto, Munizzio, Panda eta Zatibi. Euskal Herriko eszena elektronikoan ezagunak diren DJak ere izango dira musika jartzen, hala nola Koldo Intermusic, Divorce from New York eta Galiano. Beste urte batez, nazioarteko eszenara ere jo dute antolatzaileek, eta horien artean honako izen hauek nabarmen daitezke: Abdulla A., Maya, Mari.Te, Javier Carballo, Adre, Ladrillovitz, Lumbago eta Vass. 

Musikari horien guztien emanaldiak herriko tabernetan, plazetan eta aretoetan izango dira. Hain zuzen, Goiko Losan, Plazaberrin, eliz atarian, Matadeixen eta Hika, Zurt, Galipan, Txalintxo, Latz, Dean, Etxe-Aitz eta Tta-kun tabernetan izango dira. DJ bakoitzak emanaldia non emango duen zehaztu badute ere, oraindik ez dute jakinarazi bakoitza zer ordutan ariko den.

Egitaraua

  • Apirilak 30, asteazkena
    • Tailerra. Musika elektronikoa nola sortzen den ikasteko tailerra eskainiko dute gaztetxoentzat.
  • Maiatzak 1, osteguna
    • Omenaldia. Zizu zenari eta haren senideei omenaldia egingo diete antolatzaileek, Balda plazan.
    • Hitzaldia. Gela eta Telmo Trenoren hitzaldia, Galipan tabernan.
    • Emanaldiak. Honako disko jartzaile hauek ariko dira: Gela B2B Telmo Trenor (Galipan taberna) eta Maitx (Plazaberri).
  • Maiatzak 2, ostirala
    • Emanaldiak. Honako disko jartzaile hauek ariko dira: Alternative Krew, Munizzio, Adre eta Lumbago (Matadeixe); Garai eta Gisa (Latz taberna); Juantxi eta Ladrillovitz (Txalintxo taberna).
  • Maiatzak 3, larunbata
    • Emanaldiak. Honako DJ hauek ariko dira: Alexander Loop B2B House One, Abdulla A., Vass eta Mari.Te (Goiko Losa); Beba B2B Panda eta Bihotza (Dean); Divorce from New York, Galiano eta Borja S. (Zurt); Acelga eta Zatibi (eliz ataria); Alcid eta Kintana B3B Porruu B3B Suupe (Hika); Kapitaina B2B Xugua eta Vita V (Etxe-Aitz); /Göo! B2B Piek eta Javier Carballo (Tta-kun); Koldo Intermusic, Brgs eta Orphidal (Latz); Andrew Car B2B Anthony Pern, Goiko B2B Julen Lujan, Nelli eta Maya B. (Txalintxo).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide