Aste Santuarekin batera iritsiko dira urtero tarte berezia izaten dituzten elizkizunak eta prozesioak, eta Azkoitiko Parrokiak dagoeneko prest du Pazko igandera arte luzatuko den egitaraua. Joan zen asteburuan hasi zituen hark Aste Santuari lotutako ekintzak, Iraurgi abesbatzak parrokian bertan eskaini zuen kontzertu sakratuarekin, hain zuzen. Koruak egitaraua irekita, datozen egunetan ohiko hainbat ekitaldi erlijioso egingo dituzte herrian, baina aurten izango da aldaketarik; izan ere, Erramu bezperan ospatuko dute hari dagokion eguna, eta igandean izan beharrean, larunbat arratsaldean egingo dituzte erramuen bedeinkapena, meza eta prozesioa. Guztia, gainera, eliza barruan izango da, eta beraz, kalean ez da prozesiorik izango. EITBk, berriz, parrokiako ekintza horiek grabatu egingo ditu, biharamunean, Erramu Egunean, emititzeko.
Asteburua igaro ondoren, Ostegun Santuan jarraituko dute ekintzek Aste Santuko elizkizun nagusiekin. Beste urte batez, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ospakizuna eta bisita gidatua egingo dituzte goizean parrokian, eta arratsaldean, Jesusen afariaren ospakizuna eta Gau Gurtza izango dira. Ostiral Santua izan ohi da Aste Santuko egun nagusia, eta aurten ere goizetik gauera iraungo duen egitaraua prestatu du Elizak, hala nola gurutze-bidea eta Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna. Egun horretako bi prozesioek ere ez dute hutsik egingo: arratsaldeko Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna bata, eta gaueko Hilobirako Prozesio Santua, bestea. Era berean, Ostegun eta Ostiral Santuan Santa Klara elizan ere egingo dituzte elizkizunak, gaztelaniaz.
Zapatu gaueko Pazko gaubeilarekin eta Berpizkunde mezarekin, eta Pazko igandeko meza nagusiarekin amaituko dituzte aurten ere Aste Santuko elizkizunak.
Bestalde, Ostegun Santu, Ostiral Santu eta Pazko igandeko mezak EITBk zuzenean emango ditu telebistaz.
Hona hemen Aste Santuari lotuta Parrokiak antolatu dituen ekitaldien egitaraua:
Apirilak 12, larunbata
- 19:00. Erramuen bedeinkapena, prozesioa eta meza nagusia.
Apirilak 17, Ostegun Santua
- 11:00. Parrokian, haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
- 17:00. Meza, Santa Klara elizan (gaztelaniaz).
- 19:00. Jesusen afariaren ospakizun meza, parrokian (euskaraz).
- 21:00. Otoitzaldia: Gau Gurtza.
Apirilak 18, Ostiral Santua
- 09:00. Eliza irekiko dute, "gogoetarako eta bisitarako".
- 11:00. Gurutze-bidea, parrokian.
- 16:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan (gaztelaniaz).
- 17:00. Jesusen nekaldi eta heriotzaren ospakizuna parrokian (euskaraz) eta prozesioa, parrokiatik hasita.
- 21:30. Hilobirako Prozesio Santua.
Apirilak 19, larunbata. Pazko bezpera.
- 21:00. Pazko gaubeila parrokian, euskaraz: sua, Pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde meza.
Apirilak 20, igandea. Pazko igandea.
- 11:00. Pazko meza nagusia.