IV. Hike eizan! bertsopaper lehiaketan lanak aurkezteko epea, zabalik

Andoni Elduaien 2025ko api. 7a, 10:20

Hike eizan! ekitaldiko iazko sari banaketa ekitaldia.

Maiatzaren 15era bitartean aurkez daitezke lanak udalean, izan aurrez aurre edo telematikoki. Adinaren arabera, kategoria batean edo bestean aurkeztu beharko dituzte lanak herritarrek, eta sariak ere mailaren araberakoak izango dira. Hain justu, sari banaketa ekitaldia ekainaren 26an egingo dute.

Zabalik da gaurtik IV. Hike eizan! bertsopaper lehiaketan lanak aurkezteko epea. Hike eizan! taldeak eta Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatu dute beste urte batez bertso lehiaketa. Hiru kategoriatan parte hartu ahalko dute herritarrek maiatzaren 15era bitartean: umeen mailan –14 urtera bitartekoek–; gazteen kategorian –15 eta 18 urte bitartekoek–; eta helduen kategorian –19 urte edo gehiago dituztenek–.

Adinaren arabera, lanak ere modu batera edo bestera aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek. Umeek gutxienez bi bertso eta lau kopla aurkeztu beharko dituzte, gaztek, sei bertso, eta azkenik, zortzi bertso helduek. Dena den, lanak aurkezteko gaia, neurria eta doinua libreak izango dituzte partaideek. Ezarri duten baldintza bakarra da bertso-sorta guztiak hitanoan idaztea. Gainera, nokaren erabilerari balioa emango diote. Lanak udaletxean edota telematikoki udalaren webgunean aurkeztu ahalko dituzte parte hartzaileek; lehiaketarako oinarriak ere erakundearen webgunean kontsulta daitezke.

Sariak ere maila bakoitzaren arabera banatuko dituzte. Umeen mailan, irabazleak 125 euro jasoko ditu, eta 250 euro gazteen mailako bertso sorta onenaren egileak. Helduen mailan, aldiz, bi sari banatuko dituzte: irabazleak 500 euro jasoko ditu, eta bigarren sailkatuak, 250 euro. Horrez gain, Azkoitia sariak ere banatuko dituzte hiru kategoriatan. 75 euro jasoko ditu umeen kategoriako sari horren irabazleak, 150 euro gazteen mailakoak eta 300 euro helduen mailakoak. 

Bertsopaper lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ekainaren 26an, ostegunez, egingo dute, V. Hike eizan! bertso saioaren barruan. Dena den, udalak ekainaren 2an jakinaraziko du lehiaketako irabazleak zeintzuk diren. Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz bertsozale elkarteko bina kidek osatuko dute.

Informazio gehiago nahi duenak edota zalantzaren bat argitzeko beharra duenak euskara@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-54 20 02 telefono zenbakira deitu dezake.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide