Puntu bana gorritxoen lehen taldeentzat

Andoni Elduaien 2025ko api. 7a, 09:26

Enara Anduezak egin zuen Anaitasunaren goletako bat. (Anaitasuna)

Puntu banarekin sailkapeneko erdiko postuetan jarraitzen dute bai gizonek, bai emakumeek. Datorren asteburuan, gizonak arituko dira etxean, eta emakumeak Barakaldon (Bizkaia).

Anaitasunaren gizonen eta emakumeen lehen taldeek puntu bana batu dute asteburuan. Zapatuan, emakumeek, 3-3 berdindu zuten Bilbao Artizarrak taldearen aurka Txerloian, eta atzo, igandea, gizonek bana berdindu zuten Beasainen (Gipuzkoa).

Emakumeen taldeak serio ekin zion partidari, aurreneko minutuan egin baitzuen bat eta hutsekoaren gola. Enara Anduezak falta jaurtiketa bat baliatu zuen baloia zuzen-zuzenean sareetara bidaltzeko. Hori gutxi ez, eta ordu erdia betetzerako egin zuten gorritxoek bi eta hutsekoaren gola. Jokaldi nahasi batean lortu zuen Mikel Barquerok zuzendutako taldeak arratsaldeko bigarren gola, kanpokoek baloia beraien atean sartu eta gero. 

Ondo ari zen Anaitasuna, nagusi zen zelaian, eta nagusitasun hori markagailuan islatzea lortu zuten gorritxoek; atsedenaldira iritsi baino minutu batzuk lehenago egin zuen Azkoitiko taldeak hirugarren gola. June Diazek taldeak bikain landu zuen jokaldi baten osteko aldaratzea probestu zuen baloia ate barrura bidaltzeko. Nolanahi ere, lehia atsedenaldirako segundo gutxiren faltan hasi zitzaion trabatzen Anaitasunari, kanpoko taldeak aldageletara jo aurretik lortu baitzuen bere lehen gola. Nahiz eta aldea polita izan, Bilbokoen golak garraztu egin zuen ordura arteko gozoa.

Bigarren zatia are makatzagoa izan zen Barqueroren taldearentzat, hamar minutu betetzerako Bilboko taldeak bigarren gola egin zuen eta. Dena den, minutuek aurrera egin zuten Txerloian, eta hiru puntuak Azkoitian geldituko zirela zirudienean, kanpoko taldeak lehia berdintzeko gola egin zuen 90. minutuan. Kolpe latza izan zen taldearentzat, baina bigarren zatian ikusitakoagatik merezi izan zuten bisitariek Txerloian puntu bat biltzea.

Amaieran, Anaitasunak 3-3 Bilbao Artizarrakek. Gorritxoek sailkapeneko hamabigarren postuan jarraitzen dute, orain 35 punturekin. Datorren asteburuan, Pauldarrak taldearekin neurtuko ditu indarrak Anaitasunak; sailkapeneko zazpigarrenaren etxean arituko dira Barquerorenak.

Gizonek ere puntua

Loren Barbadok zuzendutako gizonen taldeak, berriz, puntua batu zuen atzo eguerdian, Beasaingo Loinaz futbol zelaian. Hasierako minutuetan bi aldeetan oreka nagusi izan bazen ere, ordu laurdena betetzean egin zuten etxekoek bat eta hutsekoaren gola. Handik aurrera saiatu ziren gorritxoak lehia berdintzeko ahaleginak egiten, baina ez zuen sakontasun handiegirik lortu, eta hala, aukera gutxi sortu zituen taldeak.

Atsedenaldira markagailuan atzetik iritsi zen Anaitasuna, baina aldageletatik bueltan laster lortu zuen lehia berdintzea; Beasaingo atzelari batek bere atean sartu zuen baloia, eta hala egin zuten gorritxoek banakoaren gola. Amaierara bitartean bi aldeetan izan ziren gol aukerak; etxekoak gola oinekin egin saiatu ziren bitartean, gorritxoak buruz ahalegindu ziren. Biek ala biek oso aukera garbiak izan zituzten hiru puntuak lortzeko, baina, amaieran, banakoarekin itxi zuten norgehiagoka.

Barbadoren taldea sailkapeneko bederatzigarren postuan dago gaur-gaurkoz, 37 punturekin. Datorren asteburuan, Oiartzunen aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasunaren gizonen taldeak. Garaipena lortu eta sasoiaren amaiera lasaiago igarotzeko aukera izango dute gorritxoek sailkapeneko seigarrenaren aurka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide