Gernika-Palestinak deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar

Ane Olaizola 2025ko api. 7a, 09:00

Palestinari babesa adierazteko Azkoitian egindako elkarretaratze bat.

Palestinako Lurraren Eguna oroituz elkartuko dira bihar arratsaldean plazan, Lurra. Justizia. Bakea. Genozidioari stop lelopean. 

Israelek Gazan su-etena hautsi ondoren, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak agerraldia egin zuen martxoaren 29an Donostian, eta adierazpena aurkeztu zuen Kursaal jauregian, alderdi politikoen, sindikatuen eta beste gizarte talde batzuen babesarekin. Agerraldi hartan, Gernika-Palestinak mobilizazioak iragarri zituen apirilaren 8rako, eta Azkoitian bat egin dute deialdiarekin; horrenbestez, bihar elkarretaratzea egingo dute plazan (18:00), Lurra. Justizia. Bakea. Genozidioari stop lelopean.

1976an lehertu zen Intifada Nazionalaren harira urtero egiten duten Palestinako Lurraren Egunaren bezperan eta egun hori oroituz luzatu zuen Gernika-Palestinak mobilizazio deialdia Donostian. Urte hartako martxoaren 30ean, greba orokorra eta manifestazioak egin zituzten Israelen okupazioa salatzeko. Sei palestinar hil eta beste 49 zauritu ziren borroka egun horretan, eta 300 lagun atxilotu zituzten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide