Klik!

Bizitza, motor zaharrei

Andoni Elduaien 2025ko api. 12a, 09:08

Hainbat ibilgailu klasiko, Balda plazan. (Andoni Elduaien)

Ibilgailu zaharrak herdoiltzen uztea bekatua da herritar bat baino gehiagorentzat, eta Azkoitian ere badira duela hiru, lau, bost edota sei hamarkada sortu ziren autoak oraindik bizirik mantentzen dituzten herritarrak. Asko dira ibilgailu klasikoen motor zaharrei bizia ematen jarraitzen dieten azkoitiarrak, eta horietako zenbaiten istorioak jaso ditu Azkoitia Guka aldizkariak apirileko zenbakiko Klik! argazki erreportaje honetan.

Kakalardoa, beti berezi

Loli Aldalurrek (Azkoitia, 1959) Volkswagen 1 motako autoa du, kakalardoa. 1973. urtekoa da, baina azkoitiarrak 30 urtez izan du alboan. Bi auto baino ez ditu izan Aldalurrek bere bizitza osoan, biak ere kakalardoa-k. Osabaren bitartez lortu zuen aurrena, eta egungoa, Zarautzen bizi zen Alemaniako bikote bati erosi zion. "Ez dut bestelako autorik eduki; gaztetan pentsatu nuen kotxe hura nahi nuela edo batere ez", dio. Semea balu bezala zaintzen du egungo autoa, nahiz eta tarteka konponketaren bat egin behar izaten dion.

Lehen eta orain

Aritz Larrañagak (Azkoitia, 1975) Renault 5 Copa autoa du, 1986. urtekoa. Duela zazpi urte erosi zuen hark ibilgailua Azkoitian bertan. Autoaren aurreko jabeak motorra martxan jarri ezinda zuen ibilgailua pabiloi batean, eta Larrañagak guztiz egokitu zuen, hura martxan jarri ahal izateraino. Gidabaimena atera berria zela ere mota horretako bi kotxe izan zituen azkoitiarrak. Orain, asteburuetan erabiltzen du ibilgailua; auto mota hori bera duten hogei bat lagunek ibilaldiak-eta egiten dituzte guztiak elkartzeko aitzakian.

Asatarrek, familiakoa

Elias Diaz de Cerio Asa-k (Azkoitia, 1972) Nissan Patrol Top Line markako autoa du, 1991. urtekoa. Familiako kamioia saldu eta gero erosi zuten ibilgailu hori, familiakoa zuten dendatik etxekoei trasteak-eta garraiatzen laguntzeko. Bergaran (Gipuzkoa) erosi zuten autoa, Andoni Zubizarreta futbol atezainak irekitako auto kontzesionario batean.

Bere garaian asatarren ibilgailua kilometro ugari egindakoa bada ere, azkenaldian atseden gehiago hartzen du. "Motorrez-eta oso ondo dago, baina zenbait mekanismok eguneratzea eskatzen dute", azaldu du Asak. Auto zaharrari bizi berria ematen saiatuko dira asatarrak, beraz.

Piorena bezalakoak, gutxi

Antonio Sudupe Pio-k (Azkoitia, 1962) Opel Kadett 1.6 S autoa du, baina ez nolanahikoa. Sabaia irekitzen zaion autoa da harena, 1990. urtekoa. Azkoitiarrak dioenez, gainera, halako hiru baino ez daude Espainiako Estatuan: Madrilen, Alacanten eta Azkoitian. Duela bost urte erosi zion Piok autoa Migel Euzkitzeri, eta duela gutxi Opelek egindako 40. urteurreneko topaketa batean ere parte hartu du Bilbon.

Bila aritu, eta aurkitu

Joseba Lizarraldek (Azkoitia, 1965) Renault 5-TS markako autoa du. 18 urterekin halako auto bat izan zuen hark, zuri kolorekoa. Azken bost urteetan ibili da halako baten bila, "batera eta bestera" joz, baina serieko autoa nahi zuenez, iaz aurkitu zuen egun duen 48 urteko autoa, Vigon (Galizia). Eguraldi ona egiten duenean erabiltzen du Lizarraldek autoa, baita klasikoen zenbait topaketatan parte hartzeko ere.

Diamantezko Seat 600 autoa

Oscar Bernal (Zumaia, 1970) Azkoitiko Axiri Classic taldeko kideetako bat da, eta hark Seat 600 D autoaren bigarren modeloa du; 60 urte bete berri ditu haren ibilgailuak, gainera. Betidanik gustatu izan zaio zumaiarrari auto mota hori, 17 urterekin hasi baitzen halako auto batekin autocrossetan-eta parte hartzen. Bere gurasoek ezkontza egunean halako autoa erabili zutela eta, haien urrezko ezteiak ospatu behar zituzten egunerako erosi zuen zumaiarrak autoa. Logroñon (Espainia) eskuratu zuen autoa, duela hamar urte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide